Udarako hilabeteen ostean, enpleguak goranzko bidea hartu du berriro ere Hego Euskal Herrian. Irailean, abuztuan baino 3.432 langabe gutxiago zenbatu dira Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Lanbideren datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko hilabetean baino 2.200 langabe gutxiago daude izena emanda, 106.969. Nafarroan, berriz, foru gobernuak emandako datuen arabera, 1.232 pertsona gutxiago daude lanik gabe, denera, 28.380.
Hartara, 135.349 langabe daude orotara hegoaldeko lau lurraldeetan. Irailean, 78.953 kontratu berri sinatu dira Euskal Autonomia Erkidegoan, 2024ko epe berean baino %6,1 gehiago. Horietatik, 22.068 kontratu mugagabeak izan dira (%28), hau da, 2023ko irailetik izandako erregistrorik onena.
Nafarroan, 34.822 kontratu berri sinatu dira, horietatik 6.839 izan direlarik mugagabeak (%19,6). Aurten (urtarrila-iraila bitartean) 45.340 kontratu mugagabe zenbatu dira, 2021ko lehen bederatzi hilabeteetan baino %269,3 gehiago.
Afiliazioari dagokionez, EAEn 11.475 gehiago zenbatu dira irailean. Nafarroan, aldiz, jaitsiera izan da, 720 gutxiago. Orotara, egun 1.332.635 afiliatu daude egun Hego Euskal Herrian.