• EKONOMIA
  • Langabeentzako 47 ikastaro eskainiko ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuak

Langabeentzako 47 ikastaro eskainiko ditu Nafarroako Enplegu Zerbitzuak

Parte-hartzaileek dirulaguntzak eta bekak lortzeko aukera izango dute, baita ikastaroa amaitzean enplegu zuzena eskuratzeko parada ere

Iturriondoko enplegu zerbitzuaren bulegoa | Argazkia: Nafarroako Gobernua
Iturriondoko enplegu zerbitzuaren bulegoa | Argazkia: Nafarroako Gobernua
2026ko maiatzaren 19a - 10:34
Eg. 2026ko maiatzaren 19a - 15:08

Langabezian dauden pertsonentzako 47 ikastaro antolatu ditu Nafar Lansarek, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak, 766.110 euroko aurrekontuarekin. Atzo, astelehenean, ireki zen kurtso horietara izena emateko epea, eta orotara 705 plaza eskainiko dira. Lehenengo ikastaroak ekainean bertan hasiko dira.

 

Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, ikastaroetan askotariko gaiak landuko dira: administrazioa eta kudeaketa, merkataritza eta marketina, elektrizitatea eta elektronika, eraikingintza, fabrikazio mekanikoa, ostalaritza, turismoa…. Gehienak (17) Iruñean egingo dira, baina Altsasun, Agoitzen, Lodosa, Lizarran, Tafallan, Tuteran eta Donezteben ere antolatuko dira beste hainbeste. Bestalde, laneko arriskuen prebentzioari buruzko 13 ikastaro ere egin ahal izango dira.

Parte-hartzaileek zenbait dirulaguntza eta beka jasotzeko parada izango dute egitasmoren batean parte hartuz gero, eta ikastaro batzuetan kontratazioak egitea aurreikusten da, parte hartzaileek enplegua lor dezaten.