• EKONOMIA
  • Ekainetik uztailera hazi egin da Hego Euskal Herriko langabezia

Ekainetik uztailera hazi egin da Hego Euskal Herriko langabezia

Urte arteko tasari erreparatuta, berriz, langabeziak behera egin du, eta joera baikorrari eutsi dio beste behin

Gizarte Segurantzan behera egin du ekainetik afiliazio kopuruak | Argazkia: iStock
Gizarte Segurantzan behera egin du ekainetik afiliazio kopuruak | Argazkia: iStock
2025eko abuztuaren 4a - 11:02

Uztaileko langabezia datuak partekatu dituzte gaur Lanbidek eta Nafar Lansarek, eta joera beretsuak antzeman dira bietan: ekainetik uztailera langabe kopuruak gora egin badu ere, iazko uztailetik behera egin du. Horrek esan nahi du hamar hilabeteko joera positiboari eutsi diotela beste behin langabezia datuek. 

 

Aipatzekoa da ohikoa izaten dela langabeziak ekainetik zertxobait gora egitea, nahiz eta hazkunde hori nabarmenagoa izan urte batzuetan, eta xamurragoa beste zenbaitetan.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren artean 104.991 langabe daude denera. Ekainean baino 1.600 gehiago dira (%1,55 gehiago). Lurralde historiko bakoitzari erreparatuta, aipatzekoa da Bizkaian eta Gipuzkoan hazi dela, Araban behera egin baitu. Lehenengoan, 58.270tik 59.380ra igaro da, eta bigarrenean, 27.213tik 27.733ra. Arabaren kasuan 17.908tik 17.878ra jaitsi da. Aipatzekoa da, hiru lurraldeen artean 2024ko uztailean baino 3.074 langabe gutxiago direla, %2,84 jaitsi direlarik. Nafarroaren kasuan, ekainean baino 312 pertsona gehiago dira langabezian, hazkundea %1,1ekoa izanik. 28.540 langabe dira, beraz, iazko uztailetik 801 langabe gutxiago.

 

Gizarte Segurantzako afiliazioei dagokienez, EAEn 1.023.299 kotizatzaile daude, ekainean baino 5.846 gutxiago izanik, eta Nafarroaren kasuan 315.726 dira. 

Kontratu berriei erreparatuta, ekainean baino %4,9 kontratu berri gehiago sinatu dira EAEren kasuan, eta 2024ko uztailean baino %16,3 gehiago. 78.743 kontratu berri izenpetu dira denera, eta 18.230 izan dira mugagabeak. 

Nafarroan, 28.856 kontratu berri egin dira, ekainean baino %0,3 gehiago, eta %6,8 gehiago iazko uztailarekin erkatzen badugu. Sinatu diren kontratuen %17,7 izan dira mugagabeak, 5.098 denera.