• EKONOMIA
  • Langabeziak behera egin du EAEn, 45 urtetik gorakoen artean izan ezik

Langabeziak behera egin du EAEn, 45 urtetik gorakoen artean izan ezik

Lanbideren arabera, 103.733 langabe daude erregistratuta

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko ekainaren 2a - 09:50
Eg. 2026ko ekainaren 2a - 14:08

Lanbideren datuen arabera, apirilean 103.733 langabe zeuden erregistratuta EAEn. Kopuru horrek esan nahi du maiatzean baino 72 langabe gutxiago izan direla, eta horrek %0,07ko jaitsiera dakar langabezian. Urte arteko datuei erreparatuta, langabeen kopurua 926 pertsonatan murriztu da, hau da, iaz baino %0,88 gutxiago. Hala ere, jaitsiera handiagoa izan da gizonen artean (%1,57) emakumeen artean baino (%0,38). Adinaren arabera, azken urtean langabeziak behera egin du 44 urtetik beherakoen artean. Aldiz, 45 urtetik gorako pertsonen artean goranzko joera txiki bat izan da. Bestalde, jarduera ekonomikoaren arabera, nekazaritzaren eta arrantzaren sektorean izan da langabezian beherakadarik handiena, %5,96ko jaitsierarekin. Eraikuntzan ere langabeziak behera egin du, kasu horretan %4,18.

 

Kontratazioari dagokionez, apirilean 65.806 kontratu berri sinatu ziren EAEn. Horietatik 16.237 kontratu mugagabeak izan ziren, kontratu guztien %24,7.

Nafarroan ere langabe gutxiago

Nastat estatistika erakundeak jakinarazi duenez, Nafarroan ere beherakada izan da langabezian, iaz baino 674 langabe gutxiago erregistratu baitira maiatzean. Emakume langabeak 17.434 dira, eta, aldiz, 10.851 gizon langabe daude; hala ere, urtebetean %2,8 beheratu da tasa emakumeen kasuan, eta zertxobait gutxiago (%1,6) gizonen artean. Adinaren arabera langabezia jaitsiera orokorra izan da, gazteenen kasuan izan ezik, %5,3ko gorakada izan baita.