• EKONOMIA
  • %7,2tik %6,8ra jaitsi da EAEko langabezia tasa urte artean

%7,2tik %6,8ra jaitsi da EAEko langabezia tasa urte artean

Hirugarren hiruhilekoan 4.100 landun gutxiago eta 12.500 langabe gehiago zenbatu ditu Eustatek

Guztiko errentaren %58 lanaren bidez lortu dute EAEko herritarrek | Argazkia: iStock
Guztiko errentaren %58 lanaren bidez lortu dute EAEko herritarrek | Argazkia: iStock
2025eko urriaren 17a - 13:03

Langabezia tasa %6,8ra igo dela jakinarazi du Eustat estatistika erakundeak, hau da, bigarren hiruhilekoan baino 1,1 puntu gehiago. Hala ere, aurreko urteko tasa baino baxuagoa da, %7,2koa baitzen duela urtebete. Datuen arabera, 2025eko hirugarren hiruhilekoan 4.100 landun gutxiago eta 12.500 langabe gehiago zenbatu dira EAEn, bigarren hiruhilekoan baino. Hala, orotara 73.600 langabe eta 1.006.300 landun daudela kalkulatu du Eustatek.

 

Lurraldeka, 2.200 okupatu gutxiago daude Bizkaian, 1.100 gutxiago Araban eta 900 gutxiago Gipuzkoan. Langabezia tasa altuena Bizkaikoa da, %7,9koa, hain zuzen ere; Arabak du bigarren postua, %7,5eko langabezia tasarekin, eta Gipuzkoak du tasarik baxuena, hots, %4,7koa. Ildo beretik, okupazio tasa altuena du Gipuzkoak (%72,9), Araba (%71,9)eta Bizkaia (%70) atzetik izanik.

Emakumeetan jaitsi da okupazio maila nabarmen, 4.200 landun gutxiago zenbatu baitira, gizonezkoen artean 100 landun gehiago izanda. Hala, langabezia tasa %7,3koa da emakumeen kasuan eta %6,3koa gizonezkoen kasuan. Jatorriari dagokionez, behera egin du landun kopuruak tokikoen kasuan (3.300 gutxiago, %0,4ko beherakada), baita atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan ere (800 gutxiago, %0,8ko beherakada).

 

Sektoreka, bereziki gora egin du landun kopuruak lehen sektorean: %6,5 igo da, 600 pertsona gehiago zenbatu baitira; industrian ez da gorabehera handirik izan (%0,1eko igoera). Kontrara, zerbitzuen eta eraikuntzaren sektorean behera egin du landun kopuruak, hurrenez hurren, %0,5 eta %2,3.