Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztutako datuen arabera, urteko bigarren hilabetea baikorra izan da EAEn enpleguari dagokionez, lan merkatuak “bilakaera positiboa” izan baitu.
Langabeak urtarrilean baina gutxiago izan dira, zehazki, 1.146 gutxiago. Hala, orotara 106.994 langabe erregistratu dira otsailean, 2025eko otsailean baino %1,35 gutxiago. “Sendotu egin da EAEko enpleguaren egonkortasunerako eta hobekuntzarako bidea, 2021etik otsailean izandako langabeziaren jaitsiera handiena baita”, adierazi dute Enplegu Saileko kideek.
Gaineratu dutenez, sektore guztietan, hiru lurraldeetan eta emakume zein gizonen kasuan izan da beherakada langabezian; salbuespen bakarra aurrez lanik ez zutenen kasua izan da. Hala ere, urte arteko datuak erreparatuta ikus daiteke langabezia nabarmen gehiago beheratu dela gizonen artean (%2,33 gutxiago) emakumeen artean baino (%0,63ko beherakada). Adinari erreparatuta, langabezia tasa gehien txikitu da 30-44 urtekoen artean, %3,4ko jaitsierarekin.
Aldi berena, gora egin du Gizarte Segurantzako kotizatzaileen kopuruak, urtarrilean baino 4.020 zenbatu baitira. Pasa den urtearekin alderatuta ere gorakada %1,03koa izan da, 10.510 langile gehiago afiliatu baitira.
Kontratu berriei dagokienez, EAEn 52.954 erregistratu ziren hilabetean zehar, horietatik 13.9112 mugagabeak (%26,3). “Kontratazio mugagabearen proportzioa ehuneko puntu bat igo da urtarrilarekiko, eta bi puntu iazko otsailarekiko; enpleguan egonkortasun handiagoa lortzeko joera indartu da”, azaldu du Alfonso Gurpegui Enplegu eta Inklusio sailburuordeak. Gazteen laneratzean ere “dinamismo nabarmena” izan dela adierazi du.
Hala ere, kontratuen bolumen osoak behera egin du otsailean, %10,65 urtarrilaren aldean eta %0,5 urte artean. Bestalde, sailburuordeak gogorarazi du emakumeen kopurua lanaldi partzialen kontratuetan handiagoa dela, eta egoera horri “buelta eman” behar zaiola.
Nazioarteko ingurune ekonomikoa eta Ekialde Hurbileko gerrari erreferentzia eginez, Gurpeguik azpimarratu du “egoera kaltegarriak aurreikusten” jarraituko dutela, enpleguaren eta lan merkatuaren egonkortasuna bermatze aldera.