• EKONOMIA
  • Langabezia saria EAEra eskualdatzea adostu dute Jaurlaritzak eta Madrilek

Langabezia saria EAEra eskualdatzea adostu dute Jaurlaritzak eta Madrilek

Joan den uztailean lortu ez zen akordioa itxi dute orain bi gobernuek. 800 milioi euro inguru kudeatuko ditu Jaurlaritzak

Joaquin Rey eta Maria Ubarretxena gaurko bileran, Madrilen | Argazkia: Carlos Lujan | Europa Press
Joaquin Rey eta Maria Ubarretxena gaurko bileran, Madrilen | Argazkia: Carlos Lujan | Europa Press
2025eko irailaren 17a - 14:20

Eusko Jaurlatitzak eta Espainiako Gobernuak adostu dute Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoan langabeziari lotutako eskumenak Euskal Autonomia Erkidegora eskualdatzea. Urtea amaitu aurretik egingo den Batzorde Mistoan gauzatuko da transferentzia.

 

Maria Ubarretxena Jaurlaritzaren Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburuak eta Joaquin Perez Rey Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomiako Estatu idazkariak gaur goizean egindako bileran erdietsi dute akordioa. Horrela, EAEk bere gain hartuko ditu Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) erkidegoan dituen 30 bulego eta 534 langileak.

800 milioi euro gehiago kudeatuko ditu Jaurlaritzak eskualdatzeari esker. Ubarretxenak akordioaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, “Gaur egun handia da Euskadirentzat. Politika aktiboez gain, enplegu-politika pasiboen ardura ere hartuko dugu, 1979ko Gernikako Estatutuan aurreikusitakoa betez”, adierazi du. Halaber, zehaztu du 51.000 pertsona izango direla langabezia prestazio horien onuradun.

 

Uztailean hainbat eskumen eskualdatzea adostu zuten Jaurlaritzak eta Madrilek, baina langabeziari lotutako gaiak akordiotik kanpo geratu ziren. Oraingoan lortu dute adostasun batera iristea. Ubarretxenak jakinarazi du urriaren hasieran jarraituko dutela bi aldeek eskualdaketa gehiago negoziatzen.