• EKONOMIA
  • Langabezia tasa %14,26 (Nafarroa) eta %9,8 (EAE) txikitu da urtebetean

Langabezia tasa %14,26 (Nafarroa) eta %9,8 (EAE) txikitu da urtebetean

2025eko lehen hiruhilekoan, biztanleria osoaren %7,49 langabea da Nafarroan eta %7,71 EAEn

25200 langabe daude egun Nafarroan eta 82.900 EAEn | Argazkia: iStock
25200 langabe daude egun Nafarroan eta 82.900 EAEn | Argazkia: iStock
2025eko apirilaren 28a
Eg. 2025eko apirilaren 28a

Langabezia tasak behera egin du 2025eko lehen hiruhilekoan, bai Nafarroan (-%14,26), baita EAEn ere (-%9,8), aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta. Horrek esan nahi du aktibo dagoen biztanleriatik (lanerako prest daudenetatik) %7,49k ez duela lanik Nafarroan, eta %7,71k EAEn. Hala, guztira 25200 langabe daude egun Nafarroan eta 82.900 EAEn. INEk argitaratu ditu gaur datu horiek.

 

Lurraldeka, langabezia tasa handiena Bizkaikoa da, %8,66an kokatu baita. Nafarroaren ondoren (%7,49), Arabak du tasa altuena, %6,59arekin; Gipuzkoakoa da, hala, ehuneko baxuena duen lurraldea, %6,55eko langabezia tasarekin.

Nafarroan eta Araban langabezia ohikoagoa da emakumeengan: Nafarroan emakumeen %7,71k ez du lanik, gizonezkoen %7,30aren aldean; Araban emakumeen %7,12 da langabea, eta, aldiz, gizonezkoen %6,12. Gipuzkoan eta Bizkaian, aldiz, gizonezkoek pairatzen dute langabezia gehiago: Gipuzkoan langabe dira gizonen %6,95, emakumeen %6,15aren aldean; Bizkaian desberdintasuna are handiagoa da, gizonezkoen %9,62 baita langabe, eta emakumeen %7,68.

 

Jarduera-tasari dagokionez, Nafarroan %58,26an kokatu da lehen hiruhilekoan, eta EAEn, ordea, %55,79an. Lurraldeka, Nafarroaren atzetik, Bizkaian da tasa altuena (%58,00), jarraian Araba (%56,09) eta, azkenik, Gipuzkoa (%52,08) izanik.