
Eusko Jaurlaritzak jakinarazi du 1.268 langabe gutxiago erregistratu direla EAEn ekainean, Lanbideren bitartez. Hala, hilabetea “positibotzat” jo du Jaurlaritzak lan-merkatuari dagokionez, “etengabe hobetzeko joera sendotu” baita azken bederatzi hilabeteetan. Datuen arabera, guztira 103.391 pertsona daude egun langabezian, hau da, aurreko hilabetean baino %1,21 gutxiago eta aurreko urteko ekainean baino %2,80 gutxiago. Hain zuzen, iazko ekainean baino ia 3.000 pertsona gutxiago daude langabezian. Nafarroan ere joera parekoa izan da, Espainiako Gobernuak argitaratu dituen datuen arabera: maiatzean baino 731 langabe gutxiago izan dira ekainean (-%2,5), baita iazko epe berean baino 784 gutxiago (-%2,7). Gauzak horrela, gaur egun 28.228 langabe daude Nafarroan.
EAEri dagokionez, adin tarte guztietan eta hiru lurralde historikoetan izan da beherakada orokorra, baina, batik bat, 24 urtetik beherakoen artean (-%4,85) eta Gipuzkoan (-%1,98) zenbatu dira langabe gutxiago. Horrez gain, gizonezkoen langabezia tasa %2,13 jaitsi da aurreko hilabetearen aldean, eta 30 urtetik beherako pertsonen tasa ere %2,80 beheratu da.
Langabezia sektoreen arabera aztertuta, zerbitzuen alorrean izan da langabezia tasaren beherakada handiena, 776 langabe gutxiagorekin. Eraikuntzan eta lehen sektorean, bi kasuetan izan da %1,88 jaitsiera. Aurreko urteko epe beraren aldean, aldiz, eraikuntzaren sektorea azpimarratu du Jaurlaritzak; izan ere, urtebetean %9,29 murriztu da langabezia.
Nafarroan, ordea, eraikuntzaren sektorea izan da langabezia tasan jaitsierarik handiena izan duen alorra, 49 pertsona gutxiagorekin eta %4,02ko beherakadarekin; hala ere, beste sektoreetan ere langabezia tasa txikitu da, 569 langabe gutxiagorekin zerbitzuen sektorean (-%2,88), 76 gutxiagorekin industrian (-%2,13) eta 22 gutxiagorekin nekazaritzan (-%1,96). Adin tarteari dagokionez, 25 urtetik beherako %4 langabe gutxiago daude, hots, 110 pertsona gutxiago.
Kontratuak eta Gizarte Segurantza
Kontratuen kopuruak maiatzaren aldean %21,5 egin du gora ekainean EAEn, eta %7,8 aurreko urteko ekainarekin konparatuta. Alegia, orotara, 75.033 kontratu berri sinatu dira ekainean. Kontratu horietatik %21,2 izan dira mugagabeak, eta sektoreka begiratuz gero, ostalaritza, merkataritza eta arte zein jolas jarduerak izan dira kontratu gehien egin dituztenak. Uda garaiak eta turismoaren zein ostalaritzaren gorakadak eragin zuzena du datuarekin.
Sinatutako kontratuen erdia baino gehiago (%50,7) gazteei egokitu zaie (30 urtetik beherakoei), aurreko urtean baino %12 gehiago. Gainera, 30 eta 44 urte arteko pertsonek sinatu zituzten kontratu berrien %25,6.
Aldi berean, Gizarte Segurantzako afiliazioak “maximo historikoetan” jarraitzen du EAEn, 1.029.145 kotizatzaile baitaude erregistratuta, soilik maiatzean baino lau pertsona gutxiagorekin, baina aurreko urtean baino 9.371 gehiagorekin (+%0,92).
Nafarroan orotara 28.762 kontratu formalizatu dira ekainean, iaz baino %19,3 gehiago. 5.368 kontratu mugagabeak izan dira, eta, aldiz, 23.394 aldi baterakoak.