
INE Estatistika Erakundeak eskainitako azken datuen arabera, bigarren hiruhilekoan iaz baino langabe gutxiago izan dira EAEn, baina gehiago Nafarroan. Izan ere, 6.500 langabe gutxiago zenbatu dira EAEn, lehenengo hiruhilekoaren aldean %7,8ko beherakadarekin, guztira 76.400 pertsona baitira lanik ez dutenak.
Nafarroan, ordea, 2.000 langabe gehiago zenbatu dira, 27.200 pertsonara iritsita, eta aurreko hiruhilekoaren aldean %8,02 gehiago izanda. Gauzak horrela, langabezia tasa %7,13koa da EAEn eta %7,88koa Nafarroan.
Okupazio mailari dagokionez, aldiz, kontrakoa gertatu da, lanpostu gehiago sortu baitira Nafarroan EAEn baino. Zehazki, 2.700 enplegu berri sortu dira EAEn, 994.700 pertsona landunekin; aldi berean, 6.800 lanpostu berri sortu dira Nafarroan, orotara 318.100 pertsona okupaturekin: erregistro historikoetan bigarren hiruhileko batean izandako kopururik altuena. Hala, %1,85 beheratu da okupazio tasa EAEn, baina %2,17 hazi da Nafarroan.
Generoari dagokionez, lanik ez duten emakumeak %5,94 dira EAEn, eta, gizonak, aldiz, %8,26. Nafarroan kontrakoa gertatzen da, emakumezkoen langabezia tasa %8,88koa baita eta gizonezkoena %6,96koa. Bestalde, 25 urtetik beherako gazte langabeen kopurua igo egin da, bai Nafarroan (+400 gazte), bai EAEn (+5.300 gazte); hau da, langabezia tasa egun %24,18koa da EAEko gazteen artean, eta %19,69koa Nafarroakoen artean.