Irailean langabeziak gora egin du Hego Euskal Herrian. Lanbide eta Nafar Lansareren bulegoetan 3.238 langabe gehiago zenbatu dituzte azken hilabetean. Ezohiko datua da gorakada hori, izan ere, iraila enplegu asko sortzen duen hilabetea izan ohi da.
EAEren kasuan, langabeziak gora egin du hiru lurraldeetan: %2,84 Araban, %2,33 Gipuzkoan eta %2,01 Bizkaian. Nafarroan, aldiz, %2,88 hazi da. Bizkaian, 61.679 pertsona zeuden langabezian, Gipuzkoan, berriz, 29.156 langabe zenbatu dituzte, Araban, 18.402 eta Nafarroan 30.373.
Afiliazioari dagokionez, goraka izan da Hegoaldean. EAEn 1.041.618 kotizatzaile daude eta Nafarroan 325.220. Hots, 1.366.838 afiliatu orotara, abuztuan baino 12.281 gehiago.
Espainiako Estatuan, 23.587 langabe gehiago zenbatu dira irailean, eta guztira 2.379.505 pertsona daude langabezian. Afiliazioari dagokionez, Espainiak 22.437.553 kotizatzailerekin amaitu du iraila, abuztuan baino 92.327 gehiago.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta