EAEn elbarritasunen bat duten langileen artean enpleguak bilakaera positiboa izan zuen iaz. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gizarte ekimeneko zentro bereziek 30 pertsona gehiagori eman zieten lana iaz, eta gaur-gaurkoz 8.746 dira (2024an baino %0,3 gehiago).
EHLABE Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteak 2025eko datuak aurkeztu ditu gaur. Gizarte ekimeneko 15 zentrok osatzen dute elkartea, eta guztira 431 milioi euroko fakturazioa izan zuten iaz. Hots, Administrazio Publikoak emandako euro bakoitzarekin 8,70 euro sortu zituzten.
Asier Vitoria elkarteko presidenteak eman ditu datuak, eta berarekin izan dira Mikel Torres Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua eta Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzailea.
8.746 langileetatik gehiengoa gizonak dira: 5.627. Emakumeak, aldiz, 3.119. Adinaren arabera, 649 langilek 15 eta 29 urte arte dituzte, 1.931k 30 eta 44 urte bitartean, eta %75k 45 urte baino gehiago.
Zehazki, azken hamar urteetan, desgaitasuna duten pertsonen enplegua ia %23 hazi da EHLABEk kudeatzen dituen zentroetan, eta 2015eko 7.118tik 2025eko 8.746 lanpostura igaro da, sektorearen jardueraren "osasun onaren" adierazgarri. 2026. urterako aurreikuspena zentroetako enpleguari eustea da, hazkunde txiki batekin, eta enpleguaren kalitatea mantentzea dira, Vitoriaren esanetan.