• EKONOMIA
  • Langile eskasiaren aurrean, lan bizitza luzea, formakuntza eta immigrazioa

Langile eskasiaren aurrean, lan bizitza luzea, formakuntza eta immigrazioa

2036ra begira, Hego Euskal Herriko lan merkatuak izango duen bilakaera aztertu du Laboral Kutxak, biztanleriaren zahartzea oinarri harturik. Iragarpenak ez dira oso baikorrak, lanpostuak murriztu edota enplegu tasa handitu ezean, langile eskasia izango da

Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga atzoko prentsaurrekoan | Argazkia: Laboral Kutxa
Ibon Urgoiti eta Joseba Madariaga atzoko prentsaurrekoan | Argazkia: Laboral Kutxa
bb 20231002374563
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko maiatzaren 29a
Eg. 2025eko maiatzaren 29a

“Lan merkatua, ezagutzen dugun moduan, goitik behera aldatzear dago”, Ibon Urgoitiren hitzak dira. “Digitalizazio azkartuak, karbono gutxiko ekonomiarako jauziak eta biztanleriaren zahartzeak” talentu eskasia ekarriko du, Laboral Kutxako negozio garapeneko zuzendariaren ustetan.

 

OCDEren arabera, mundu osoko lanpostuen %27 automatizatzeko arriskuan daude. Munduko Ekonomia Foroak ohartarazi du 2027an munduko enpresetako lantaldeen oinarrizko trebetasunen ia erdiak zaharkituta geratuko direla, baldin eta gobernu nahiz enpresek biriziklatze profesionaleko programen aldeko apustua indartzen ez badute.

Bestalde, Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera, munduan instalatzen den gigawatt berriztagarri bakoitzak 10-15 lanpostu sortzen ditu, eta zeharkako beste horrenbeste lanpostu logistika edo zerbitzu teknikoan. Baina, era berean, findegi, lantegi mekaniko tradizional eta oinarrizko industria kimikoko zenbait prozesuetan lantaldeak txikitu egingo dira.

 

Trantsizio energetiko eta digitalak lan merkatuan izango duten inpaktua azaltzen dute datuok. Eta trantsizio demografikoak zer eragina izango du? Biztanleriaren zahartzeak, alegia. Lanpostuak betetzeko adina langile izango al da 2036an? Laboral Kutxaren ikerketa departamentuak gaiari buruzko azterlana egin du, eta hipotesi gehienen arabera, langile eskasia izango da.

“Teknologiak eta klimak lan egiteko modua aldatzera behartzen badute, demografiak eskuragarri dauden langile kopurua murrizteko mehatxua egiten du”, azaldu du Urgoitik. Hego Euskal Herriko bizi itxaropena 84 urtekoa da egun, eta jaiotze tasa 1,3koa da emakume bakoitzeko, “ordezkapen mailatik nabarmen behera”. Honen emaitza da 2012tik 2023ra EAEn 55 urte baino gehiagoko landunen ehunekoa %56,6 handitu dela, eta 35 urte baino gutxiagokoak %2,4 murriztu. 

Ibon Urgoiti: “Bizi-itxaropen luzea lehia abantaila bilakatzeko itun soziala osatu beharra dago"

2036 begirako estimazioak egin ditu Laboral Kutxak, bai EAEn, bai Nafarroan. Euskal Autonomia Erkidegoak langile defizita edukiko duela ondorioztatzen du ikerketak, hurrengo hamabi urteetan lanpostu kopurua txikitzen ez bada behintzat. Nafarroaren kasuan, finantza erakundea baikorragoa da, izan ere, langile eskasia saihesteko, hots, langile eta lanpostu kopuruak bat egiteko, EBk ezarritako %78ko enplegu tasara ailegatzea nahikoa luke.

Finean, hori litzateke helburua: lanpostu eta langile kopuruak bat egin eta oreka lortzea. “Edozein desoreka txarra litzateke”, esan du Joseba Madariaga ikerketa departamentuko zuzendariak. Bada, oreka hori lortzeko, hainbat neurri plazaratu ditu Laboral Kutxak: lan bizitza luzatzea, immigrazioa aktibatzea edota lanbide prestakuntza eguneratzeko programak aztertzea. “Bizi-itxaropen luzea lehia abantaila bilakatzeko itun soziala osatu beharra dago”, nabarmendu du Urgoitik.

Zenbat izango gara lanean 2036an?

Madariagak ikerketaren xehetasun gehiago eskaini ditu. Azaldu duenez, INEren biztanleria datuak erabili dituzte azterketa egiteko. 2036ra bitartean, 20tik 64ra bitarteko biztanleria, hau da, lan egiteko adinean dagoen jende kopurua ez da haziko EAEn (-%0,02); Nafarroan, bai (%0,7). Baina, ikerketaren zuzendariak zehaztu du ikerketarako 65-69 urtera ra bitarteko biztanleria ere kontuan hartu dutela, erretiro adina 67 urtekoa delako. Kasu honetan, biztanleria aktiboa handituko egingo da Hego Euskal Herri osoan datozen hamabi urteetan.

Baina, biztanleria aktibo guzti horretatik zenbat izango dira lanean 2036an? Finantza erakundeak hiru agertoki plazaratu ditu: ezkorra, neutrala eta baikorra. Lehen agertokian enplegu tasa %71-%72koa litzateke, bigarrenean, %73-%74koa eta agertoki baikorra Europak ezarritako %78ko enplegu tasa litzateke. “EAEren kasuan, hipotesi baikorrena hartuta ere, hau da, %78ko enplegu tasarekin, 20 eta 64 urte arteko biztanleria aktiboa egungoa baino txikiagoa izango da. 65-69 urtekoak gehituta, hor bai, ozta-ozta, egungo enplegu maila baino zertxobait gehiago izango genuke”, azaldu du Madariagak.

“EAEren kasuan, hipotesi baikorrena hartuta ere, hau da, %78ko enplegu tasarekin, 20 eta 64 urte arteko biztanleria aktiboa egungoa baino txikiagoa izango da"

Nafarroan aurreikuspenak hobeak dira. Izan ere, hipotesi ezkorrenean izan ezik (%71ko enplegu tasa), beste bi kasuetan enplegu maila altuagoa izango du foru gobernuak 20 eta 64 urte arteko biztanleria aintzat hartuz gero. 65-69 urte artekoak batuta, kasu guztietan egun baino enplegu maila altuagoa edukiko luke foru erkidegoak.

Azpimarratzekoa da INEren biztanleria datu horietan immigrazioaren bilakaeraren estimazioak ere sartzen direla. Bada, ikerketatik atera daitekeen beste ondorioa zera da: immigrazioa ez dela nahikoa izango langile eskasiari aurre egiteko.

Eta zenbat lanpostu egongo dira?

2036an izango diren lanpostu kopuruarentzat ere hiru hipotesiak (ezkorra, neutrala eta baikorra) erabili ditu Laboral Kutxak: lanpostuen galera (-%0,5-%0,7), mantentzea (%0,1-0,2) eta hazkundea (%0,6-%0,8). Kasu honetan, lanpostuen aurreikuspenak Eustat eta Nastat-en datuetatik atera dituzte. Hala, lanpostu kopurua eta langile kopuruaren 2036rako agertokiak konbinatuz, bederatzi balizko egoera plazaratu ditu ikerketak. EAEn bederatzi hipotesitatik zazpietan langileak faltako direla aurreikusten da. Nafarroan, berriz, bederatzitik lau kasuetan.

“EAEren kasuan, 2036an langile eskasiarik ez egoteko, hipotesi baikorrenean jarri beharko ginateke langile kopuruari dagokionez, eta ezkorrenean lanpostu kopuruari dagokionez”, nabarmendu du Madariagak. Hau da, 2026ra bitartean enplegu tasak gora egin behar du (%78ra gutxienez) eta lanpostu kopurua txikitu egin behar da. “Nafarroaren kasuan, %78ko helburua lortuz gero, lanpostuak baino langile gehiago egongo lirateke”.

Talentua eskuratzeko lehia

Hipotesi gehienek langileen eskasiaren ataria gaudela iradokitzen dute, eta ikerketaren zuzendariak uste du horrek talentua lortzeko lehia ekarriko duela. Azpimarratu du azterketa honetan ez direla sektoreak banan-banan aztertzen aritu, baina horietako batzuetan, eraikuntzan edota osasungintzan, besteak beste, lan merkatuko desorekak handiagoak izan daitezkeela dio. “Sektore teknologikoan ere, langile eskasiaz gain, lanean ari direnek ez dituzte beharrezko trebetasunak izango. Upskilling eta reskilling-a beharko dute langileek”, gaineratu du.

“Sektore teknologikoan, langile eskasiaz gain, lanean ari direnek ez dituzte beharrezko trebetasunak izango"

Formakuntza gakoa izango da, baina hura jasotzeko denbora behar da, eta litekeena da jendea tarte batez lan merkatutik kanpora geratzea, prestakuntza behar dutelako, eta Laboral Kutxako ikerketa departamentuko arduradunaren ustez, hori kezkagarria da.

"Eszenatokia berria eta konplexua da. Azterketa honetan, trantsizio demografikoaren aldagaia soilik txertatu dugu, baina ikusi beharko genuke trantsizio energetiko eta digitalak zer nolako eragina izan dezakeen lan merkatuan", bukatu du Madariagak. Hiru trantsizio horien arteko elkarreraginak osatuko du 2036ko lan merkatua.