Mobilizazioa egin dute gaur ELA sindikatuko sektore publikoko 200 bat ordezkarik Eusko Legebiltzarrean, eskaera argi batekin: Jaurlaritzak zerbitzu publikoen alde egitea eta aurrekontu publikoetako partidak handitzean, “langile publikoen lan baldintzak hemen erabaki eta hobetzeko”. Hemengo langile publikoak hemengo aurrekontuak lelopean egin dute mobilizazioa, hain zuzen ere, eskatzeko 115.000 langile publikoren lan-baldintzak Madrilen eskuetan ez uztea.
Sindikatukoek aurrekontuetan sei neurri zehatz sartzeko eskatu dute: pribatizazioari ateak itxi eta zerbitzuak arlo publikora itzultzeko prozesuak sustatzea; %8,6ko soldata igoerak eta 32 orduko lan jardunak ezartzeko partida; “Gehiegizko burokraziarekin amaitzeko eta lan kargak arintzeko” partida; langileen euskalduntzea bermatzeko partida; berdintasun planak negoziatzeko konpromisoa; eta plantillak gaztetzeko neurriak negoziatzeko eta adosteko partidak, “erretiro partziala eta jubilazio primak berrezarriz”.
Gauza horiek guztiak eskatzeko hainbat eta hainbat arrazoi eman ditu sindikatuak. Datuen arabera, Eusko Jaurlaritzako langileen %42 aldi baterako enplegatuak dira; Osakidetzaren kasuan enplegatuen erdia baino gehiago dira aldi baterakoak, 24.400 langile, gutxi gorabehera. Hezkuntzan ere 25.000 baino gehiago dira behin-behinekoak.
Soldatetan ere, oro har, ez dute igoerarik izan 2025ean, are gehiago, ELAk jakinarazi duenez, 2022. urteaz geroztik %8,6ko soldata galera zian dute. “Erosahalmenaren galera eta KPIrekiko inolako loturarik ez duten akordioa balioetsi dute”, salatu du ELAk. Izan ere, adostutakoa %2,5eko igoera izan da, eta 2026rako %1,5ekoa; aldiz, gaur-gaurkoz KPI %3,1ekoa da.
“Euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzen du, eta lan karga handiek eta gehiegizko burokratizazioak ondorio larriak dituzte langileen lan osasunean”, gehitu du.