• EKONOMIA
  • Langileen %54,3k eguneratuta du lan hitzarmena EAEn

Langileen %54,3k eguneratuta du lan hitzarmena EAEn

2024. urtean enplegu erregulazioko espedienteek ia 10.000 pertsonengan izan zuten eragina

Egoera ekonomikoa eta lan harremanak EAEn 2024 txostena aurkeztu dute | Argazkia: LHK
Egoera ekonomikoa eta lan harremanak EAEn 2024 txostena aurkeztu dute | Argazkia: LHK
2025eko uztailaren 10a - 13:56

Egoera ekonomikoa eta lan harremanak EAEn 2024 txostena aurkeztu du gaur LHK Lan Harremanen Kontseiluak Bilbon, zeinaren arabera langileen %67,7k hitzarmena eguneratuta zuela itxi zuen iazko urtea. 2012az geroztik, lan erreforma indarrean sartu zenez geroztik, izan den zifrarik altuena da. 2024az haratago, 2025eko lehen bost hilabeteetako zenbait datu ere aurreratu ditu kontseiluko presidente Emilia Málaga Pérezek.

 

2024ko itxierari dagokionez, txostenaren arabera EAEko negoziazio kolektiboek langileen %93ari eragiten dio. Gainerako %7aren gehiengoak (48.000 soldatapeko inguru) etxeko langile gisa lan egiten du (28.000 langile), edota inoiz arautu ez diren jarduera batean lan egiten du.

Negoziazio kolektiboaren eraginpean dauden langileen datuak erreparatuta, ikus daiteke EAEko langileen %75,2k sektoreko negoziazio kolektiboen babesa duela, eta gainerako %24,8ak duela soilik enpresa-hitzarmen baten babesa.

 

Lan gatazkek beherakada izan zuten iaz, 2023an 325 greba egin baitziren, eta 2024an, aldiz, 260. Hala ere, enplegu-erregulazioko espedienteek ia 10.000 pertsonarengan izan zuten eragina, eta horietatik gehiengoak (%83) industriaren sektorean egiten zuen lan.

2025eko lehen bost hilabeteak

Aurten jada 67.070 langileri estaldura ematen dieten hitzarmenak sinatu dira, eta horietatik azpimarratzekoak dira Bizkaiko Ostalaritzako Hitzarmena (23.000 enplegaturengan du eragina) eta Arabako Eraikuntza eta Herri Lanetako Hitzarmena (3.000 langile baino gehiago barne hartzen ditu). Orotara, maiatzaren 31ean soldatapekoen %54,3k du bere hitzarmena eguneratuta.

Soldatei dagokienez, egun indarrean dauden hitzarmenen batez besteko soldata igoerak %3,13koak izan dira: %3,14koa EAEn bertan negoziatu diren hitzarmenen kasuan, eta %3,10ekoa Espainiako Estatu mailan negoziatu baina EAEn eragina izan dutenen kasuan. Bestalde, are handiagoa izan da soldaten hazkundea 2025ean akordatu diren hitzarmen berrien kasuan, hots, %3,22ko gorakada.

Lanaldiak erreparatuta, batez bestekoa 1.685 ordukoa izango litzateke egun EAEn, alegia, astean 37 ordu. Azken hilabeteetan sarri aipatu den jardunaldi murrizketa ere aztertu da txostenean: gehieneko asteko 40 orduetatik 37,5 orduetara igarotzea arautuko balitz, EAEn sektoreko 133 hitzarmenetan izango luke eragina, baita enpresetako 351 hitzarmenetan ere.

Greba eta lanuzteek gora egin ez duten arren, gehiago izan dira parte hartzaileak eta lan egin gabeko lanaldien kopuruak; enplegu erregulazioko espedienteek eragindako pertsona kopurua %31,1 txikitu da, maiatzera arte 3.322 langilek pairatu baitute.