Lantegi Batuakek eta Rural Kutxak lankidetza hitzarmen berria adostu dute, nekazaritzaren sektorerako lanerako programa bat abiarazteko Bizkaian. Programa horren helburua da, batetik, adimen desgaitasuna duten pertsonen autonomia bultzatzea, egokitutako lan-jarduerak eta prestakuntza-ekintzak gauza ditzaten; bestetik, nekazaritzatik abiatuta pertsona horiek komunitatean duten partaidetza indartzea. “Nekazaritza-lanaren eta naturarekiko harreman zuzenaren bidez, haien autonomia pertsonala, ongizate emozionala eta komunitatean parte-hartze aktiboa bultzatu nahi ditugu”, baieztatu du bankuak.
Lantegi Batuak, desgaitasuna duten pertsonentzat aukera soziolaboralak sortzeko lan egiten duen antolakundeak, bultzatutako Zerbitzu Okupazionalaren birdefinizioan kokatzen da akordio berria. Orain arte, Lantegi Batuakek zerbitzuak esakini ditu bere zentroetan, baina “eredu berri baterantz” salto egiten ari dira, lau ardatz nagusitan banatuta: Ikaskuntza, lana, komunitate-bizitza, eta ongizatea eta osasuna. Horri esker zerbitzuen eskaintza zabaltzen ari dira, eta berriki sinatutakoa bezalako lankidetzak indartzen ari da antolakundea. Beste aldetik, Rural Kutxako Gizarte Ekintza sailak bultzatu du ekimena, zeinak “arreta berezia eskaintzen dien zaurgarritasun-egoeran dauden pertsona eta kolektiboei”.
“Akordioaren bidez, entitateek indartu egiten dute gizarte inklusiboago baten alde duten konpromisoa”, berretsi dute bi aldeetako kideek.