Abenduaren 23an onartuko dituzte Eusko Jaurlaritzaren 2026ko aurrekontuak Eusko Legebiltzarrean, baina horren aurretik tramite bat igaro beharra zuen EAJ eta PSE-EEk osatutako gobernuak: oposizio taldeen osoko zuzenketen eztabaida eta bozketa. Gaur goizean egin dute osoko bilkura, eta, espero bezala, atzera bota dituzte aurrekontu proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa guztiak.
Noel d’Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak defendatu du Jaurlaritzak negoziaziorako eztabaidan izan duen jarrera, eta adierazi du oposizioko taldeen jarrerek “agerian utzi” dutela “hasiera-hasieratik ez zegoela aurrekontu-akordiorako benetako prestasunik”.
Oposizioko alderdi guztiek osoko zuzenketa bana aurkeztu dute, eta horiek baztertuta, sailburuak argitu du une honetan Eusko Jaurlaritza talde politikoek aurkeztutako zuzenketa partzial guztiak aztertzen ari dela. “Jakin ezazue horiek adostea izango dela gure borondatea, proiektua aberasten duten eta onartzeko modukoak diren heinean”, adierazi du.
Jaurlaritzak 16.378 milioi euroko aurrekontua aurkeztu zuen datorren urterako, eta hiru helburu nagusi ezarri zituen: zerbitzu publikoak sendotzea, herritarren kezkei erantzuna ematea eta “herria etorkizuneko erronketarako prestatzea”.
Oposizioko taldeak ez dira konforme Jaurlaritzaren aurrekontu proiektuarekin, eta salatu dute ez dela negoziaziorik egon azken asteetan. EH Bilduk, esaterako, Jaurlaritzari aurpegiratu dio akordioetarako borondatetik ez izatea.
Negoziaziorik ez
D’Anjouk Petxo Otxandiano EH Bilduren legebiltzarreko bozeramaileari esan dio “proposatutako negoziazioak etxebizitza soilik” zuela oinarri, “aurrekontu egonkortasuneko araudiaren ikuspuntutik inola ere egingarria ez den formula batekin”. Otxandianok, aldiz, salatu du aurkeztutako aurrekontuak ez direla hedatu, aurreko urtekoaren aldean, eta benetako hazkundea %1,9koa dela soilik.
"Testuinguru sozioekonomikoa kontuan hartuta, kontu publikoetan aldaketa sakonik egiten ez bada, datozen urteetan zailtasunak izango ditugu zerbitzu publikoen kalitateari eusteko", adierazi du Otxandianok.
Javier de Andres Alderdi Popularreko presidenteak, bestalde, esan du aurrekontu proiektua ez dela “orekatua”, eta “ekonomia errealaren gaineko hazkunde batean oinarrituta” dagoela. Sumarreko Jon Hernandezen aburuz, “norabiderik gabeko” aurrekontuak dira: “hazkundeaz hitz egiten da, baina aberastasunaren banaketaz”, esan du.
Oposizioko taldeen proposamenek aurkako 39 boto jaso dituzte eta aldeko 36. Behin gaurko mugarria gaindituta, bidea libre dute EAJk eta PSE-EEk aurrekontuak behin betiko onartzeko.