Egoera "kritikoa" da eta sektorea "pikutara doa". Hitz horiek erabili dituzte gaur Arabako lehen sektoreko hainbat eta hainbat langilek, Uaga Arabako nekazaritza elkarteak antolatutako elkarretaratzean, salatzeko laister abere-azienda hiltzea beste aukerarik ez dutela izango.
Maiatzaz geroztik ari da sufritzen sektorea, tenperatura handien ondorioz pairatutako lehorteek eragin zuzena izan dutelako zuhaitzetan eta bazkan. Euri gutxi egin duenez, animalien bazka ez da beste urteetako kopuruetara iritsi, eta orain, abereak txaboletan dauden garaiotan, janari eskasia nabaritzen hasi dira. "Agerikoa da, euririk egiten ez badu laguntza ekonomiko zuzenak behar ditugu jada", azpimarratu dute. Argi utzi dute abendura arte itxarotea ez dela aukera bat, animalia guztientzako janaririk egongo ez denez, ordurako zenbait abere hil egin beharko dituztelako.
Ardogintzaren-sektorea ere "arrisku handian" dagoela salatu dute, urte honetako mahats-bilketa eta produktuaren kalitatea onak izan arren, alderdi ekonomikoan arazoak nabari daitezkeelako. "Upategi batzuek nahi dutenean eta nahi duten bezala ordaintzeko luxua izatea jasan behar dugu", deitoratu dute.
Uagako ordezkariek, halaber, gogorarazi dute hilabeteak pasa arren ez dutela Eusko Jaurlaritzaren erantzunik jaso. "Isiltasuna, emaitzarik gabeko bilerak eta betetzen ez diren promesak". Pradalesi bilera ere eskatu zioten duela 20 egun, baina erantzunik ez dute jaso. "Administrazioarekin hitz egin dugu, negoziatu dugu eta itxaron dugu. Ez badute euren lana egin behar, hobe alde egiten badute", amaitu du Edurne Basterra Uagako presidenteak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta