"Lehiakortasunerako inbertsioa" Bizkaian

Bizkaiko Foru Aldundiaren Ekonomia Sustatzeko sailak ekintzailetza, berrikuntza, nazioartekotzea eta talentua bultzatzeko 50 egitasmo baino gehiago jarri ditu martxan aurten

%1,5 hazi zen Bizkaiko BPGa iaz | Argazkia: iStock %1,5 hazi zen Bizkaiko BPGa iaz | Argazkia: iStock

Bizkaiko ekonomiak %2ko hazkundea izango du aurten. Hala diote zenbait eragile ekonomikok. 2023an %1,5eko hazkundea izan ostean, aurten zertxobait gehiago haztea espero bada ere, egungo nazioarteko testuinguru ekonomikoa ikusirik, gorakada ez da bereziki nabarmena izango. Kanpora begiratu beharrean ordea, lurraldera begiratu beharra dute tokiko eragileek ekintzailetza, talentua, berrikuntza eta nazioartekotzea bezalako erronkei aurre egiteko.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2024aren hastapenetan, lurraldeko enpresei zuzendutako hainbat egitasmo iragarri zituen, arestian aipaturiko ekonomia esparruetan laguntzeko asmoz. Guztira, 28,5 milioi euro bideratu ditu, 2023an baino %5,5 gehiago, 51 programatan banatuta. “Ekonomia lehiakorrago izaten” jarraitzeko helburuarekin abiarazi dituzte programa hauek, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuaren arabera. “Abangoardiako industria eta zerbitzu aurreratuak egotea, trantsizio digitalean eta trantsizio berdean ondo kokatzea, eta talentua erakartzeko eta teknologiaren esparruan ekintzailetza berritzailea sortzeko gauza izatea” dira lurraldearen xedeak, adierazi du.

Ekintzailetza

Aldundiak 4.050 milioi euro bideratu ditu bederatzi ekintzailetza programetara. "Lankidetza berrikuntzako planak eta start-upak dinamizatzeko prozesuak" garatzeko 120.000 euro arte banatuko dira (proiektu bakoitzeko), "enpresa berriak edo lehendik dauden enpresetan negozio unitateak sortzeko proiektu berritzaileen bideragarritasuna" aztertzeko 60.000 euro, enpresa berritzaile berriak abian jartzeko 65.000 euro, "hazteko ahalmen handia duten proiektuak sostengatuz enpresa berritzaile berrien hazkundea bizkortzeko" 20.000 euro, "enpresa-proiektu berritzailea merkatuan kontrastatzeko eta baliozkotzeko" 30.000 euro eta enpresa-proiektu berritzaile bat definitu eta garatzeko 60.000 euro.

Halaber, 65.000 euroko dirulaguntzak eskainiko dira "gizarte-eragin handiko" enpresa berritzaile berriak sortu eta abiarazteko, eta 56.000 euro artekoak "enpresa edo negozio- unitate sozial berritzaileak sortzeko nahiz enpresa sozialak finkatu eta hedatzeko". 

Ainara Basurko: “Abangoardiako industria eta zerbitzu aurreratuak egotea, trantsizio digitalean eta trantsizio berdean ondo kokatzea, eta talentua erakartzeko eta teknologiaren esparruan ekintzailetza berritzailea sortzeko gauza izan behar dugu"

Ekintzailetza programez gain, Bizkaiko Foru Aldundiak zenbait zerbitzuren berri ere eman du. Besteak beste, Ekintzaileari Arreta Gunea izeneko zerbitzua, zeinetan enpresa bat 72 ordutan azkar eratzeko aholkularitza zerbitzua eskaintzen duten. Inkubatzea zerbitzuak, aldiz, Unibertsitateko, sektoreko, eskualdeko eta coworkingeko hainbat kokaleku eskaintzen ditu, enpresa-proiektu baten hasierako faseak garatzeko. Halaber, Prestaekinen bidez, "prestakuntza espezializatua eta ekintzailetzaren alderdi bereizgarriei buruzko ezagutza" sustatu nahi da.

Era berean, negozio-esperientzia handia duten enpresa aholkulariak hazkunde ahalmen handiko enpresa-proiektuekin harremanetan jartzen dituen mentoring zerbitzua, startupak arrakastaz finantzatzeko "gaikuntza-programa" eta startupen eta agente inbertitzaileen arteko harremana errazteko "inbertsio txandak" ere eskainiko dituzte. Azkenik, nazioarteko azelerazioa eta BEAZ Acceleration Program (hazteko ahalmen handia duten startupak bizkortzeko, 100.000 €-ra arteko kapitaleko partaidetza Seed Capital Bizkaiaren bitartez) zerbitzuak ere eskuragarri daude interesa duen lurraldeko edozein proiektu berritzailerentzat. 

Berrikuntza

“Trantsizio digital eta berdean laguntzeko” bultzatu nahi du Bizkaiko Foru Aldundiak lurraldeko enpresen berrikuntza arloa, eta “lehiakortasunerako inbertsioa” dela azpimarratu du Basurkok. Enpresen berrikuntzara denera 21,4 milioi euro bideratuko dituzte, bederatzi programatan banatuta. Enpresen digitalizazioa dute oinarri programa gehienek, eta errepideko garraioaren modernizaziorako ere dirulaguntza programa propioa abiarazi dute (gehienez 4.000 euro ibilgailuko).

Deskarbonizazioari lotutako programa zehatz bat ere aurkeztu du aldundiak, Trantsizio Berdea izenarekin. Lankidetzako berrikuntza-arrisku partekatuko proiektuak eta lankidetzako negozio-aukeren bideragarritasunaren azterketarako Elkarlanean izeneko programa eta kudeaketa aurreratuko ereduarekin bat egiten duten kudeaketa hobetzeko proiektuak Kudeabider ekimenaren bidez gauzatuko dira.

Enpresen berrikuntzara denera 21,4 milioi euro bideratuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak, bederatzi programatan banatuta

Egokinn zerbitzuarekin Bizkaiko enpresa txiki eta ertainen trantsizio digital eta berdearen aukera berriak identifikatzen laguntzen dien "gaikuntza-ibilbidea" eskainiko da. Era berean, BIOK! plataformaren laguntzarekin berrikuntza irekiko dinamikak sustatu nahi dira, "enpresen eta startup-en arteko elkarreragina sustatzeko" eta "hobekuntza-aukerak identifikatzea" ahalbidetuko duen zerbitzua ere eman du aldundiak, BCAMekin lankidetzan, datuen tratamenduaren eta ustiapenaren eta tresna konputazional berrien bidez.

585514560 202402081220276629297 25834
Ainara Basurkoren agerraldia | Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia

Nazioartekotzea

Merkatu berria bilatzen laguntzeko asmoz, 2,2 milioi bideratuko dira nazioartekotze programetara. Proiektuko 50.000 eta 60.000 euroko dirulantzak emateaz gain, Bizkaiext zerbitzua eskainiko da, kontsultak egiteko eta zalantzak argitzeko arreta pertsonalizatua emango duen enpresentzako zerbitzua, "kanpo-merkataritzako eragiketa-esparruetan". Bilboko Ganberarekin lankidetzan eskainitako zerbitzua da hau.

Enterprise Europe Network-EN (EEN) kide gisa, bazkide teknologiko edota komertzialak bilatzeko eta identifikatzeko zerbitzua eskaintzen da, baita Europako programa eta laguntzei buruzko informazioa eskuratzeko aukera ere.

Talentua eta funtsak

Tokiko talentuari eustea eta kanpoko erakartzea funtsezkoa da lurraldearen lehiakortasun ekonomikoa indartzeko. Hala, talentu kualifikatua eta esperientzia profesionala duten pertsonak erakartzeko asmoz, duela hiru urte abian jarri zen programari eutsiko dio aldundiak, eta 400.000 euro banatuko ditu talentu programa zein zerbitzuetan.

Halaber, Seed Capital foru erakundeak sei inbertsio funts jarriko ditu Bizkaiko enpresen esku: I funtsa, Bi funtsa, FEIS funtsa, BAF funtsa, Start Bizkaia funtsa, eta Konfekoop Bizkaia funtsa. Baita Crowdfunding Bizkaia plataforma ere, "finantzaketa alternatiboa heltze-fase desberdinetako eta tipologia desberdineko enpresa-proiektuetarako".

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK