• EKONOMIA
  • Leire San José: “Aspalditik defendatu dugu balio soziala ere kapitalaren mailara eraman daitekeela"

Leire San José: “Aspalditik defendatu dugu balio soziala ere kapitalaren mailara eraman daitekeela"

Ekonomistak saria jaso berri du EHUko irakasleak. Uste du gero eta enpresa gehiagok lantzen dutela etikan oinarritutako finantza arduratsua

Leire San José Ekonomistak saria jasotzen Cristina Urarte elkargoko presidentearen eskutik | Argazkia: Ekonomistak
Leire San José Ekonomistak saria jasotzen Cristina Urarte elkargoko presidentearen eskutik | Argazkia: Ekonomistak
June Agirre Ansa
Kazetari kolaboratzailea
2025eko abenduaren 16a - 05:30

EHUko irakasle eta ikertzailea da Leire San José, ekonomia ulertzeko modu berri baten bultzatzaileetako bat. Finantza arduratsuak, etika eta balio sozialaren neurketa izan ditu lan ildo nagusi azken hamarkadetan, eta ikuspegi horri esker, aitortza berezia jaso du aurten: Ekonomisten Euskal Elkargoak Ekonomisten Saria eman dio, bere ibilbide akademiko eta profesionalaren ekarpena nabarmenduta.

 

Zer suposatu du zuretzat Ekonomisten Euskal Elkargoko Saria jasotzeak?

Izugarrizko poza eta ezusteko handia izan zen. Deia jasotzen duzunean, lehenengo erreakzioa ez sinestea da: “Zergatik ni? Zer egin dut ba?”. Denborarekin konturatzen zara egindako lan guztiaren aitortza dela, eta ni neu bultzatzaileetako bat izan naizela. Unibertsitatean oso harrera polita izan du sariak, jende asko gerturatu zait zoriontzeko, eta sareetan ere oihartzun handia izan du. Pixka bat gainezka sentitu naiz momentu batzuetan, baina, batez ere, oso pozik eta eskertuta. Sari hau balio sozialez eta enpresek duten erantzukizunaz hitz egiten jarraitzeko aukera bat bezala ikusi dut.

 

"Jasangarritasunaren ingurumenari buruzko alderdia ondo barneratuta dago, baina dimentsio sozialak ere badu garrantzi handia, eta hori neurtzea izan da gure erronka nagusietako bat"

Sari honek ibilbide luze baten emaitza dirudi. Zein izan dira zure bide profesionalean mugarri nagusiak?

Azken hamabost urteetan oso tinko ibili gara balio sozialaren inguruan lanean. Askotan jasangarritasunaz hitz egiten dugu, baina ez dago beti argi zer den zehazki. Ingurumenari buruzko alderdia ondo barneratuta dago, baina dimentsio sozialak ere badu garrantzi handia, eta hori neurtzea izan da gure erronka nagusietako bat. Guk aspalditik defendatu dugu balio soziala ere kapitalaren mailara eraman daitekeela, unitate monetarioetan neurtuta. Horrek ez du esan nahi dirua sortzen denik zuzenean, baizik eta dimentsio soziala ekonomiaren parean jartzen dugula.

Zein pertsonak edo esperientziek eragin dute gehien ekonomia ulertzeko duzun moduan?

Edward Freeman funtsezkoa izan da nire pentsaeran. Stakeholder teoriaren aita dela esan genezake, eta berari esker ikusi nuen enpresa beste modu batera uler daitekeela. Ikuspegi horren arabera, enpresa bat ez da soilik akziodunen interesak asetzeko existitzen, baita bere jarduerak eragina duten eragile guztientzat balioa sortzeko ere: langileentzat, hornitzaileentzat, bezeroentzat, administrazio publikoentzat, komunitatearentzat eta, jakina, inbertitzaileentzat ere. Unibertsitatean, akziodunak erabakiak hartzen dituztenak direla pentsatzera ohituta gaude, baina Freemanek erakutsi zigun enpresa antolakuntza kolektibo bat dela. Zorionez, aukera izan nuen berarekin zuzenean lan egiteko: lehenengo bera etorri zen gurera, eta gero gu hiru hilabetez Estatu Batuetan egon ginen. Bere etxean ematen zituen saioak, bere egunerokoa, komunitatearekiko zuen lotura… horrek guztiak bere teoriaren atzean zegoen ikuspegia ulertzen asko lagundu zidan. Hortik aurrera, argi izan genuen: enpresek stakeholder guztientzat balioa sortu behar dute, eta hori neurtu egin daiteke.

Leire San Jose | Argazkia: utzita
Leire San Jose | Argazkia: utzita 

Etika eta finantza arduratsuak gero eta gehiago aipatzen dira. Nola ikusten duzu interes horren bilakaera?

Ni baikorra naiz. Gero eta sentsibilitate handiagoa dago, ez ditugu emaitza ekonomiko positiboak soilik nahi, izan ere, emaitza horiek lortzeko erabiltzen diren prozesuak ere garrantzitsuak dira. Ikasleengan oso argi ikusten da hori: ez dute edozein enpresatan lan egin nahi, zentzua bilatzen dute egiten duten horretan. Hala ere, badira oraindik kontraesanak, arrisku handiko inbertsio funtsak adibidez, eta erabaki etikoak hartzea ez da beti erraza. Baina norabidea egokia dela uste dut.

Eredu ekonomiko jasangarri batetik gertuago gaude?

Paradigma aldatzen ari da. Gaur egun ez dago hain argi enpresen helburu bakarra dirua irabaztea denik. Gero eta gehiago hitz egiten da balioa sortzeari buruz, baina galdera da: nori sortzen diogu balio hori? Eredu berriak stakeholder guztiei begiratzen die, eta hori oraindik ez dago erabat finkatuta, baina bidea hasita dago. Garrantzitsua da epe luzera pentsatzea, etorkizuneko eragileei begira, eta uste dut gaur egun unibertsitatean dauden ikasleek ikuspegi hori barneratuko dutela etorkizunean.

"Gaur egun ez dago hain argi enpresen helburu bakarra dirua irabaztea denik. Gero eta gehiago hitz egiten da balioa sortzeari buruz"

Zerk bultzatzen zaitu ikertzen eta irakasten jarraitzera? 

Motibatzen nauena arazoak konpontzea da. Gizartean hobetu daitekeen zerbait ikusten badugu, horri erantzuna ematea. Gainera, ondo pasatzea ezinbestekoa da: taldean lan egiten dugu beti, ideiak partekatuz, elkarri lagunduz. Gaur egun, hainbat ikerketa ildotan ari gara, baina, etorkizunera begira, teknologia eta gizakia nola uztartu daitezkeen aztertzen jarraitu nahi dugu, eta inbertsio funts arriskutsuen eraginean ere sakondu.

Amaitzeko, zer aholku emango zenieke ekonomialari gazteei?

Egunerokoan ilusioa eta motibazioa zaindu ditzatela. Gure bizitzaren zati handi bat lanean ematen dugu, eta ezin dugu etengabe asteburuaren edo oporren zain egon. Garrantzitsua da lanean ondo pasatzea, gustura aritzea, beste pertsonei laguntzea eta zentzua aurkitzea egiten dugun horretan. Profesionalak izan behar dugu, noski, baina ikuspegi positiboarekin eta egunero zerbait ondo egin dugun sentsazioarekin.