• EKONOMIA
  • M17 "arrakastatsuaren" ondoren sindikatuek berretsi dute LGS propioa "bideragarria" dela

M17 "arrakastatsuaren" ondoren sindikatuek berretsi dute LGS propioa "bideragarria" dela

100.000 lagun baino gehiago elkartu ziren atzo eguerdiko ekitaldi nagusietan LGS propioaren alde

Argazkia: ELA sindikatua
Argazkia: ELA sindikatua
2026eko martxoaren 18a - 16:54

Atzoko greba orokorra “euskal langile klasearen indar erakustaldi bat” izan dela baieztatu dute gaur sindikatuek. Bilbon eta Iruñean egin dute agerraldia gaur goizean ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek, eta baikor agertu dira atzoko mobilizazioez hausnartzean. “Grebaren bidez euskal gizarteak irmotasunez defendatu du gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena”, berretsi dute.

 

Zenbatekoek greba “arrakastatsua” izan dela erakutsi dute: 1.700 enpresa batzorde atxikitu ziren deialdira, ehunka asanblada izan ziren lantokietan, 136 greba-batzorde osatu ziren Hego Euskal Herriko herri eta auzoetan, eta 100.000 lagun baino gehiago batu ziren eguerdian egin ziren sei ekitaldi nagusietara; arratsaldean ere “hamarna mila manifestari gehiago” izan ziren 85 manifestaziotan.

Zenbateko horiez gain, sindikatuek azpimarratu dute greba orokorrak eragin mediatiko, sozial eta politiko handia izan duela, eta atzokoa ez zela “egun arrunta izan”.

 

Era berean, gogorarazi dute “bide politikoak irekita” daudela oraindik ere, gutxieneko soldata propioaren gainean patronalekin zein administrazioarekin eztabaidatzeko xedez. Batetik, bilerak deituta daude Confebask eta CEN patronalekin datorren astean (martxoaren 24an eta 25ean). Bestetik, Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatzeko aukera mahai gainean dagoela azpimarratu dute.