• EKONOMIA
  • Maderas de Llodioko langileek erakunde publikoen inplikazioa eskatu dute

Maderas de Llodioko langileek erakunde publikoen inplikazioa eskatu dute

Pasa den astean zuzendaritzak negoziazioa amaitzea erabaki zuen alde bakarrez. 40 langile kaleratu nahi ditu eta ekoizpena %40 murriztu

Agerraldia egin dute langileek gaur goizean | Argazkia: LAB
Agerraldia egin dute langileek gaur goizean | Argazkia: LAB
2026eko urtarrilaren 26a - 14:26
Eg. 2026eko urtarrilaren 27a - 16:12

Maderas de Llodioko langileak greban dira iazko irailetik, zuzendaritzak lan erregulazioa espedientea abiatu zuela eta. Prozesu horrek 40 langileren kaleratzea ekar lezake eta fabrikaren ekoizpena %40 murriztea. Bada, pasa den astean zuzendaritzak kaleratze espedientearen inguruko negoziazioa itxi zuen alde bakarrez, eta horren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur goizean langileek.

 

Langile batzordeak erakunde publikoei eskatu die gatazkaren konponbidean inplikatzeko, "zuzendaritzak negoziazioak eteteko aldebakarreko erabakia hartu ostean".

Iñaki San Andres ELAko ordezkari sindikalak azaldu du langileak "erakundeak inplikatzen saiatzen” ari direla, nolabaiteko bitartekotza egin dezaten, negoziazioa berriro aktibatzeko. Bere hitzetan, gatazka konpontzeko beharrezko tresnak dituzte erakundeok eta hauen esku-hartzea ezinbestekoa da gatazkari irtenbidea emateko.

 

San Andresek salatu duenez, langileen jarrera malgutu egin da, baina zuzendaritzak uko egin dio sindikatuekin hitz egiteari. Nabarmendu du negoziazioaren alde daudela, gatazka konpontzeko "modu bakarra" delakoan.