• EKONOMIA
  • Maiatzaren Lehenean gutxieneko soldata propioan jarriko du fokua ELAk

Maiatzaren Lehenean gutxieneko soldata propioan jarriko du fokua ELAk

'SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte' lelopean manifestazioak iragarri ditu sindikatuak Iruñean eta Bilbon

Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza | Argazkia: ELA sindikatua
Amaia Muñoa eta Mitxel Lakuntza | Argazkia: ELA sindikatua
2026eko apirilaren 13a - 12:32
Eg. 2026eko apirilaren 13a - 14:00

Demokraziaren eta burujabetza sozialaren defentsa. Hain zuzen ere, horiek izan behar dira, ELA sindikatuaren ustez, aurtengo Maiatzaren Leheneko borrokaren ardatzak. Mitxel Lakuntza idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusi albokoak eman dute gaur prentsaurrekoa Bilbon, eta, batik bat, 1.500 euroko LGSaren aldarrikapenean jarri dute fokua, “beste aldarri batzuk ahaztu gabe”.

 

“Hemengo LGS bat aldarrikatzea ELAren estrategiaren oinarrizko puntua da, eta aurtengo Maiatzaren Lehenean eskari hori ozenago egingo zaie patronalei, gobernuei eta alderdi politikoei”, jakinarazi dute sindikatuko kideek. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzari eta Lehendakariari “iniziatiba hartzea” eskatu diete, eta Confebaski leporatu diote “euskal gizartetik gero eta urrutiago” egotea. Izan ere, sindikatuak uste du erabakiak zenbat eta gertuago hartzen badira, “neurri politikoak are eta justuagoak” izango direla. 

Era berean, Maiatzaren Lehenean manifestazioak iragarri ditu ELAk, bai Bilbon, bai Iruñean, SMI 1.500; Jo ta ke, hemen erabaki arte lelopean.