• EKONOMIA
  • Martxan da sare elektrikoa indartzeko inbertsioak koordinatzeko mahaia

Martxan da sare elektrikoa indartzeko inbertsioak koordinatzeko mahaia

Sarearen potentzia 6.000 MW-ra handitzeko proiektua koordinatuko du mahaiak; Iberdrolaren arabera, banaketa-sarean 18.000 langile beharko dira 2027tik 2030era

Mikel Jauregi gaur, bilera baino lehen | Argazkia: Irekia
Mikel Jauregi gaur, bilera baino lehen | Argazkia: Irekia
2026ko azaroaren 25a - 13:51
Eg. 2026ko azaroaren 25a - 13:52

EAEko sare elektrikoaren potentzia %50 handituko dela iragarri zen pasa den astean, 6.000 MW arte, eta gaur egin da proiektua landuko duen mahaiaren lehen bilera. Bertan izan dira, beste askoren artean, Mikel Jauregi Industria sailburua, Antonio Gonzalez Urquijo Sare Elektrikoaren EAEko ordezkaria eta Javier Arriola i-DE Iberdrolako Iparraldeko eskualdeko zuzendaria. 

 

Jauregik "mugarritzat" jo du sarearen potentzia handitzeko proiektua martxan jartzea, eta zehaztu du "bi palanka" daudela sarean egingo diren inbertsioak azeleratzeko: batetik, inbertsioen onartze epeak beheratzea 24 hilabetetatik 6 hilabetetara, Eusko Jaurlaritza izapidetzen ari den Autopista Erregulatzailearen bitartez (lege horrek murriztu egingo ditu jarduera ekonomiko jasangarrian eragina duten proiektu estrategikoak onartzeko administrazio-izapideen epeak); bestetik, sareetan espezializatutako talentu berria erakartzea. Izan ere, profesional andana beharko da sare elektrikoan egingo diren lanei aurre egiteko: Iberdrolak aurreikusitako datuen arabera, soilik banaketa-sarean 18.000 enplegatu beharko dira 2027 eta 2030 urteen artean. 

Gaur lehen bilera izan duen Euskadiko Sare Elektriko Berrirako Mahaia arduratuko da inbertsioak kudeatzeaz eta lehentasunak zehazteaz. "Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundietako, Red Eléctricako eta Iberdrolako lantalde teknikoek modu koordinatu eta jarraituan lan egingo dute inbertsioak gauzatzeko", adierazi du Jaurlaritzak. Mahai hau sei hilabetean behin elkartuko da inbertsioen jarraipenak egiteko. "Aurreikusitako inbertsioak ahalik eta azkarren abiatzea eta azpiegitura berriak eskuragarri egotea EAEko behar elektrikoak handitzen diren heinean", horiek dira Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako helburua.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain