• EKONOMIA
  • Medikuek astebeteko grebak egingo dituzte hilero, otsailetik ekainera arte

Medikuek astebeteko grebak egingo dituzte hilero, otsailetik ekainera arte

Espainiako Osasun Ministerioari presio egin nahi diote, estatutu propio bat negoziatu dezan

Medikuek pasa den abenduan eginiko manifestazio bat, Bilbon | Argazkia: H. Bilbao / Europa Press
Medikuek pasa den abenduan eginiko manifestazio bat, Bilbon | Argazkia: H. Bilbao / Europa Press
2026eko urtarrilaren 22a - 13:31
Eg. 2026eko urtarrilaren 23a - 08:51

Euren lanbidearen ezaugarriak kontuan hartzen dituen estatutu propioa nahi dute medikuek, eta hura eskatzeko hainbat greba egun eta mobilizazioa egin dituzte azken hilabeteetan. Pasa den astean eginiko lanuztean, greba mugagabea egitean ez zuten baztertu SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuko ordezkariek. Bada, gaur iragarri dute, greba mugagabea ez, baina datozen hilabeteetan, otsailetik ekainera, astebeteko grebak egitea.

 

Hauek izango dira greba egunak: otsailean, 16tik 20ra; martxoan, 16tik 20ra; apirilean, 27tik 30era; maiatzean 18tik 22ra; eta ekainean, 15etik 19ra. SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak eta Nafarroako Sindikatu Medikoak bat egin dute greba deialdiarekin, eta ohar bidez jakinarazi dute greba egun horiek “lehen etapa” bat direla.

Modu honetara, Espainiako Osasun Ministerioarekin negoziatzen ari diren estatutu markoaren aurka egiten jarraituko dute medikuek. Mobilizazioei hasiera emateko asmoz, otsailaren 14an, larunbata, Madrilen elkartzeko deia egin dute, bertan adierazpen bateratu bat egingo baitute.

 

Hego Euskal Herriko bi sindikatuak ez ezik, lanuzteekin bat egin dute CESM Medikuen Sindikatuen Espainiako Konfederazioak, MC Kataluniako Medikuek, O'Mega Galiziako Mediku Independenteen Sindikatuak, SMA Andaluziako Medikuen Sindikatuak eta Amyts Madrilgo Medikuen eta Goi Mailako Tituludunen elkarteak.

Espainiako Osasun Ministerioari presio egiten jarraitu nahi dute medikuek, uste baitute negoziazio mailan ez direla aintzat hartzen ari euren ogibidearen “baldintza bereziak”.  Pedro Sanchezen gobernua osasun langile guztientzako estatutua negoziatzen ari da, eta medikuek estatutu propioa eskatzen dute. Horrekin batera, salatu dute estatutua negoziatzeko mailan medikuen ordezkari bakarra dagoela, eta ez duela botoa emateko eskubiderik.

Besteak beste, zera eskatzen dute medikuek: 35 orduko lanaldi arruntetik kanpo egiten dituzten lanorduak borondatezkoak izatea; lanalditik kanpoko lanorduen ordainsaria eta atseden baldintzak hobetzea; guardiei dagokienez, etenik gabe hamazazpi ordu baino gehiago lan ez egitea edota erretiroa aurreratzeko aukera izatea.

Sindikatuek azaldu dute elkarrizketarako prest daudela, eta Espainiako Osasun Ministerioak elkarrizketei berriro ekitea espero dute.