Entzun albistea:
Bihar amaituko da medikuek hilero-hilero egingo duten astebeteko lehen greba. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Alberto Martinezek gaur goizean eginiko agerraldian, horrek izan duen eraginari loturiko zenbait datu aurreratu ditu: lanuztearen lehen bi egunetan bertan behera geratu dira lehen mailako arretako 10.291 kontsulta, pediatriako 2.752 kontsulta, 569 kirurgia, 10.221 hitzordu espezialistekin eta 6.156 diagnostiko-proba.
Espainiako Osasun ministerioak langile soziosanitario guztientzako aurkezturiko estatutu markoarekin ez datoz bat grebara joan diren mediku eta sindikatuek. Estatutu propioa aldarrikatzen dute haiek. Akordio falta, bereziki, guardia orduen, guardien ordainketaren, lan jardunen eta kategoria profesionalaren esparruetan dago. Aitzitik, SATSA-FSES, CCOO, UGT, CSIF eta CIG-Saúdes sindikatuek ahoz onartu dute ministerioaren proposamena.
Espainiar estatuko greba izanik ere, sailburuak adierazi du "modu esanguratsuan" eragiten ari dela Osakidetzako arreta-sisteman, datuek erakusten dutenez. Eraginak eragin, deitoratu du "orain arte ez dela aurrerapausorik eman sektore medikoaren eta ministerioaren arteko elkarrizketan. Ez da irteera bat erraztu zezakeen keinurik ikusi; eta agertoki horrek aspalditik kezkatzen gaitu". Bide beretik jarraituz gero, aste guztian ez lirateke gauzatuko lehen mailako arretako 26.000 kontsulta, pediatriako 6.880, 1.492 kirurgia, 25.552 hitzordu espezialistekin eta 15.390 diagnostiko-proba.
Osakidetzak emandako datuen arabera, jarraipena %16koa izaten ari da EAEn. Sailburuak nabarmendu du greba hori "zilegi" dela "lanaren ikuspuntutik", baina azpimarratu du beharrezkoa dela "premiazko konponbidea" lortzea.