Martxan da MerkaLan azokaren seigarren edizioa, Lanbidek antolatuta, zeinak aurten 1.300 lanpostu baino gehiago eskainiko dituen Gasteizen. Azoka azaroaren 11tik 13ra antolatu da formatu mistoan (aurrez aurre eta online), “Orientatzea biharko talentua aktibatzea da” lelopean. Ekimenak enpresen, erakundeen eta herritarren arteko topagune gisa funtzionatzen du, kalitatezko enplegua eta prestakuntza espezializatua sustatzeko helburuarekin.
Aurrez aurreko jardunaldiari, ordea, gaur eman zaio hasiera Europa Jauregian, goizeko 9:15ean egindako inaugurazioarekin. Ekitaldia Eva Domaika kazetariak gidatu du, eta bertan parte hartu dute Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, Felipe García Miravalles Arabako Foru Aldundiko ordezkariak, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendari nagusiak. Ondoren, Màrius Martínez Muñoz Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasleak lan-orientazioaren balio estrategikoari buruzko hitzaldia eman du.
Inaugurazioan, Mikel Torresek azpimarratu du enplegua ez dela soilik helburu ekonomikoa, “inklusiorako eta kohesiorako politikarik onena” baizik. Horrez gain, lehendakariordeak defendatu du beharrezkoa dela “talentu guztia aprobetxatzea, aniztasuna eta berdintasuna sustatzea, eta inor atzean ez uztea”, Enpleguaren Euskal Estrategia 2030aren bide orriari jarraituz.
Azokak orientazioa, prestakuntza eta talentua konektatzeko jarduera ugari biltzen ditu. Parte-hartzaileek enpresekin eta prestakuntza-zentroekin harreman zuzena izateko aukera dute, eta tailer praktikoak eskaintzen dira, hala nola, lana bilatzeko adimen artifizialaren erabilerari buruzko saioak, coaching jarduerak edo Ikigaiaren inguruko tailerrak. Horrez gain, parte-hartzaileek euren curriculuma hobetu eta lan-elkarrizketak prestatzeko aholkularitza jaso dezakete, baita argazki profesionala egiteko aukera ere.
EAEko 149 enpresa eta erakundek parte hartzen dute aurten (95ek aurrez aurreko jardunaldian), eta guztira 608 lan-eskaintza jarri dituzte herritarren eskura, 1.320 lanpostu sortuta. Lanpostu gehienak industria, administrazio eta merkataritza sektoreetakoak dira, eta 4.300 prestakuntza-plaza ere eskainiko dira 240 ikastaro desberdinetan. Datozen egunetan, MerkaLan azokak lan bila dabiltzanen eta talentua kontratatu nahi duten enpresen arteko zubi izaten jarraituko du Gasteizen.