
Azkenaldian, pentsamendu kolektiboan ideia boteretsu bat zabaldu da sakonki, merkatua beti bere kasa arautzen dela dioena. Esaldi hori, Adam Smithek aipatutako “esku ikusezinaren” espirituari lotua, liberalizazio eta desarautze politikak justifikatzeko erabili izan da historian barrena. Ikuspegi honen arabera, estatuaren edozein esku-hartze alferrikakoa da, eskaintza eta eskariaren jokoak sistema orekatu eta eraginkortasuna bermatzen duelako.
Hala ere, historia ekonomikoak, teoria garaikideak eta arautze praktikek erakusten dute esaldi hori mito arriskutsua dela dogma gisa hartzen denean. Merkatua zenbait testuingurutan autoerregulatzeko gai bada ere, benetako kasu gehienetan egitura akatsak, botere asimetria eta kanpo eraginak daude. Hori dela eta, estatuaren esku-hartzea ezinbestekoa izaten da. Artikulu honetan esaldi honen gakoak azaleratzen joango gara, bere oinarri teorikoak berrikusiz, pasarte historikoak aztertuz eta gaur egungo adibideak ikusiz, bai gertukoak bai Europakoak.
Baina, nondik dator esaldia? Oinarria Adam Smith eta bere esku ikusezinaren metaforan dago. Esku ikusezina metafora ospetsua Nazioen aberastasuna (1776) lanean agertzen da. Bertan, Adam Smithek defendatzen zuen norbanakoek beren interes propioa bilatzean, interes kolektiboa ere sustatzen zutela, esku ikusezin batek gidatuko balitu bezala. Adierazpen honetan kontutan eduki behar da, Smithek ez zuela inoiz esan merkatuak perfektuak zirenik, ezta arautzea alferrikakoa zenik ere. Aitzitik, monopolioak, gremioen boterea eta enpresarien arteko adostasunak prezioak manipulatzen zituztela salatu zuen. Bere garaian, metafora hausnarketa moral bat zen, ez politika ekonomikorako eskuliburua.
Arazoa nahiz desadostasuna sortu zen ideia hura modu sinplistaz berrinterpretatu zenean, XX. mendean. Batez ere korronte neoliberaletan, politika ekonomikorik ez erabiltzearen aldeko ideia defendatzeko argudio moduan erabili baitzen.
Merkatuaren autoerregulazioa posible izateko baldintza batzuk bete dira, eta baldintza horiek nahiko zorrotzak dira. Lehenik eta behin, lehiaketa perfektua eskatzen du, hau da, eskaintzaile eta erosle ugari. Prezioetan eragiteko gaitasunik ez duen subjektuko merkatu bat izan behar du. Gardentasuna ere erabatekoa izan beharko da, eragile guztiek kostuak, kalitateak eta arriskuak ezagutzen dituzte. Jakina, merkatu horietan baliabideen mugikortasunak erabatekoa izan behar du, kapitala eta lana trabarik gabe mugitzen direlarik.
Kanpo eraginik ez luke egon beharrik, eragile ekonomikoen erabakiek ez dute hirugarrenei kostu edo onura gehigarririk sortzen. Gauza da, benetako ekonomia eredu ideal horretatik urrun dagoela. Praktikan, merkatuak osatugabeak, kontzentratutakoak eta kanpo faktoreen menpekoak dira.
Praktikan, merkatuak osatugabeak, kontzentratutakoak eta kanpo faktoreen menpekoak dira
Hala ere, ekonomia munduan, hainbat, “desaraututako” merkatu eduki ditugu. Hemen adibide batzuk:
- 1929ko Depresio Handia: Wall Streeteko kolapsoa espekulazio burbuila baten ondorioa izan zen, kontrol finantzarioen faltak elikatua. Merkatuak ez zuen kreditu gehiegizkoaren eta burtsako inflazioaren gehiegikeria zuzendu. Horren emaitza erkatuta hondoratzea izan zen, milioika langabetu sortuz. Roosevelt-en New Deal politikek (bankua arautzeak eta gastu publikoaren bidezko pizgarriak) ekonomiaren egonkortasuna berrezartzea lortu zuten soilik.
- Petrolioaren krisia (1973): Energia merkatuak erakutsi zuen nola kanpo shock batek prezioak igo eta ekonomia hondora dezakeen. Petrolioa ez zen bere kasa egonkortu. Egonkortasuna berrezartzeko gobernuen esku-hartzeak, dirulaguntzak eta politika energetikoak beharrezkoak izan ziren.
- Espainiako etxebizitza burbuila (1997–2007): Kredituaren liberalizazioak eta gainbegiratzearen faltak higiezinen sektorearen gehiegizko hazkundea ekarri zuen. Merkatuak ez zuen bere kasa gelditu; 2008ko krisi finantzarioarekin lehertu zen, langabezia masiboa eta zor publiko handia utziz.
Merkatuak hutsegiteak ditu, eta, batzuetan, autoerregulazioa ez da nahikoa izaten. Esku-hartzea eskatzen duten egoerak badaude, adibidez, kanpo eraginak sortutako egoerak. Horren eredu kutsadura izan daiteke, araudirik gabe, enpresek ez dute isurketak murrizteko pizgarririk, kostu soziala bere gain ez dutelako hartzen. Honekin lotuta, klima aldaketaren arazoa dugu, energia fosilaren merkatu globalak ez du bere kasa konpondu arazoa eta nazioarteko akordioak eta karbono zerga behar izan dira.
Enpresa batek edo enpresa gutxi batzuk (monopolioak eta oligopolioak) sektore bat kontrolatzen dutenean, merkatuak autoerregulatzeko gaitasuna galtzen du. Google edo Amazon bezalako kasuek erakusten dute kontzentrazioak lehiakortasuna muga dezakeela. Ezinbestekoak dira politika antimonopolistak egoera horiek ekiditeko. Adibide argi bat ere badugu ondasun publikoekin: defentsa nazionala, segurtasuna edo oinarrizko azpiegiturak ez dira nahikoa ekoizten merkatu libre batean, ez direlako errentagarriak enpresa pribatuarentzat.
Informazio eza ere esku-hartzea bultzatzeko egoera izan daiteke, osasun edo finantza sektoreetan, kontsumitzaileek ez dituzte arrisku guztiak baloratzen. Arau sistema publikoek (osasun ikuskaritza, finantza ikuskaritza) babes hori eskaintzen dute, zerbitzuaren eta pertsonen onerako.
Enpresa batek edo enpresa gutxi batzuk (monopolioak eta oligopolioak) sektore bat kontrolatzen dutenean, merkatuak autoerregulatzeko gaitasuna galtzen du. Google edo Amazon bezalako kasuek erakusten dute kontzentrazioak lehiakortasuna muga dezakeela
Baina, orduan, merkatua eta estatua, zer dira, etsai ala aliatu? Ekonomiaren historian zehar sarritan aurkeztu izan dira merkatua eta estatua elkarri kontrajarrita, bata bestearen etsai gisa. Alde batetik, merkatuaren aldekoek esaten dute estatuaren esku-hartzeak eraginkortasuna ahultzen duela, bestetik, esku-hartze publikoaren defendatzaileek merkatuak gizartean sortzen dituen desorekei egiten diete erreferentzia. Hala ere, ikuspegi profesional eta orekatu batek erakusten du bi logikak ez direla kontrajarriak, baizik eta elkarren osagarri direla.
Merkatua tresna eraginkor gisa ikus dezakegu, ongi funtzionatzen duenean, baliabideak banatzeko eta berrikuntza bultzatzeko mekanismo azkar eta malgua da. Lehiaketa egonkorrek produktibitatea handitzen dute, prezioak neurrira ekartzen dituzte eta enpresei berritzeko pizgarriak eskaintzen dizkiete. Horregatik, merkatuak ezinbestekoak dira aberastasuna sortzeko. Agertoki hori orekatzeko estatuaren papera beharrezkoa da, epailetzat har dezakegu, hainbat funtzio betez:
- Arau esparru argiak ezartzea, lehiaketa bidezkoa izan dadin eta monopolio edo oligopolioek ez dezaten botere gehiegirik pilatu.
- Oinarrizko zerbitzu publikoak eskaintzea (hezkuntza, osasuna, azpiegiturak...), merkatu pribatuarentzat errentagarri ez diren baina gizartearentzat funtsezkoak direnak.
- Kanpo eraginak zuzentzea, hala nola kutsadura edo klima-aldaketa, karbono-zergetan, kuotan edo araudi zorrotzetan oinarrituta.
- Egonkortasun makroekonomikoa bermatzea, finantza krisiak edo ziklo ekonomikoen gorabeherak arintzeko zerga politika eta diru politika bidez.
Behin egoera aztertuta, norbaitek “merkatua beti bere kasa arautzen da” esaten duenean, ez da soilik gehiegikeria bat adierazten ari, arriskutsua ere izan daiteke, politika publikoak gidatzeko printzipio gisa erabiltzen denean. Historia ekonomikoak erakusten du araudirik gabeko merkatuak desberdintasunak sakontzea, arriskuak pilatzea eta maiz krisi sozial garestiak sortzea ekarri duela.
Ekonomia klasikoak berak ez zuen inoiz esku-hartzerik eza aldarrikatu. Smith-ek monopolioak kritikatu zituen, eta Mill-ek zerga progresiboak defendatu. Autoerregulazio mugagabearen mito modernoa, ordea, XX. mendeko irakurketa partzial batetik sortu zen, Keynesen ikuspegiari aurre egiteko.
Ekonomia klasikoak berak ez zuen inoiz esku-hartzerik eza aldarrikatu. Smith-ek monopolioak kritikatu zituen, eta Mill-ek zerga progresiboak defendatu
Espainiar Estatuko eta Europako esperientziak nahikoa froga eskaintzen dizkigute autoerregulazioa nahikoa ez dela erakusteko. 2008ko krisiaren aurreko higiezinen burbuila gainbegiratze faltagatik lehertu zen, 2022ko energia krisiak erakutsi zuen kanpo shock-ek prezioak hankaz gora jar ditzaketela eta estatuen esku-hartze koordinatuak bakarrik ekidin zuela hondamendi handiagoa.
Teoria ekonomiko garaikideak hainbat arlotan berretsi du arautzearen beharra:
- Keynesianismoak langabezia-oreken arriskua azpimarratzen du.
- Merkatu-hutsegiteen teoriak (Pigou, Coase, Stiglitz) kanpo eraginak, informazio ez perfektua eta botere kontzentrazioa zuzentzeko beharra nabarmentzen du.
- Ekonomia instituzionalak (North, Acemoglu, Robinson) erakusten du instituzio sendorik gabe merkatuak ez direla iraunkorrak.
Historiak, gizakiaren irrazionaltasuna eta burbuilak sortzeko joera azpimarratzen du. Horrek ez du esan nahi gehiegizko arautzea desiragarria denik, gehienbat horrek burokratizazioa eta dinamismo galera ekar baititzake. Erronka nagusia oreka puntua bilatzea da, lehiakortasuna eta berrikuntza ahalbidetuko dituen arau esparru argia, baina, aldi berean, abusuei aurre egingo diena eta ongizatea bermatuko duena.
Azken batean, eztabaida ez da merkatua edo estatua aukeratzea, baizik eta arau garbi eta bidezkoak dituen merkatua ala norabiderik gabe utzitakoa hautatzea. Frogek erakusten dute herrialde oparoenek (Europa iparraldekoak, Kanada edota Australia) merkatu dinamikoak eta instituzio sendoak uztartzen dituztela.
Jarraitu beharreko bidea dugu, honetarako hainbat ekintza kontutan hartu ditzakegularik. Finantza gainbegiratze independente eta eraginkorra, burbuila berriak saihesteko erabili dezakegu. Etxebizitza politikak berrikusi ditzakegu, interes pribatuak eta etxebizitza duinaren eskubidea bateratzeko. Energia araudiak ere beharrekoak dira, trantsizio ekologikoa eta prezio merkeagoak uztartzeko. Azkenik, lan merkatu malgu baina babestua behar dugu, gutxieneko soldata eta negoziazio kolektiboa finkatu behar dira segurtasun sare gisa.
Teoria ekonomikoek frogatu digute autoerregulazioaren baldintzak oso murriztaileak direla eta politika ekonomikoak azaldu digu arau esparru egokiak merkatuaren aliatu izan daitezkeela
Horregatik, “merkatua beti bere kasa arautzen da” esaldiaren funtsa, ez da printzipio ekonomiko sendo bat, eslogan ideologiko bat baizik. Benetako ikasgaia da merkatuak tresna indartsuak direla, baina ongizate kolektiboa betetzeko instituzio eta arau adimentsuak behar dituztela.
Historia ekonomikoak erakusten digu merkatuak bere kasa utzita, krisiak eta sufrimenduak sortzen dituela. Teoria ekonomikoek frogatu digute autoerregulazioaren baldintzak oso murriztaileak direla eta politika ekonomikoak azaldu digu arau esparru egokiak merkatuaren aliatu izan daitezkeela.
Beraz, ez da merkatua abandonatu edo idolatratu behar, baizik eta haren indarra eta mugak onartu. XXI. mendeko erronka (trantsizio ekologikoa, digitala eta geopolitikoa) da merkatuak eraikitzea, non arauek ez bakarrik eraginkortasuna, baizik eta berdintasuna, iraunkortasuna eta erresilientzia ere sustatuko dituzten. Horrela soilik esan dezakegu merkatuak ez direla “bere kasa” arautzen, baizik eta modu kolektibo, kontziente eta demokratikoan, guztion onerako.