• EKONOMIA
  • Torres lan sailburuak uko egin dio sindikatuekin gutxieneko soldata propioari buruz hitz egiteari

Torres lan sailburuak uko egin dio sindikatuekin gutxieneko soldata propioari buruz hitz egiteari

ELA eta LAB "interlokuzio fasean" daude instituzioekin. Akordiorik lortu ezean, "ekinbide berriei heltzeko unea" izango dela berretsi dute sindikatuek

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026ko irailaren 10a - 14:26
Eg. 2026ko irailaren 10a - 16:25

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua zein lehendakariordea denak uko egin dio ELA eta LABen bilera eskaerari. Sindikatuek Lanbidearteko Gutxieneko Soldataz (LGS) hitz egiteko bilkura eskaera egin zioten sailburuari, baina lehendakariordeak ezezkoa eman die. Ez da, ordea, sailburuak bilera ukatzen dien lehen aldia. Martxoaren 17ko greba orokorra egin baino lehen saiakera egin zuten sindikatuek, "Eusko Jaurlaritza herriko langileen beharrertara moldatzen den gutxieneko soldata baten alde inplikatu zedin"; "Orduan ere Mikel torresek uko egin zion langileen gehiengoa ordezkatzen duten sindikatuekin biltzeari, eta ez zuen inongo ekarpenik egin gatazka ekiditeko", salatu dute, bai ELAk, bai LABek. 

 

Are gehiago, sindikatuek gogorarazi dute apirilean sailburuak "mehatxatu" egin zituela, Elkarrizketa Sozialean parte hartzen ez zutelako, eta "hitzez-hitz" esan zuela jarrera horrek "ondorioak" izango zituela. Badirudi ondorioak iritsi direla, berriro ere bilerari ezezkoa eman dion honetan. "Lan sailburuak erakusten du sail horrentzat elkarrizketa beren helburu politikoak berresteko tresna bat besterik ez dela; horregatik nahi ditu ELA eta LAB Elkarrizketa Sozialeko Mahaian, eta horregatik egiten dio uko gizartearen gehiengo zabal baten nahia den LGSri buruz hitz egiteari", nabarmendu dute sindikatuek. 

Bi sindikatuak "interlokuzio fasean" daude, instituzio zein ordezkari politikoekin, baina argi adierazi dute fase hau amaitzean akordiorik lortu ez badute "ekinbide berriei heltzeko unea" izango dela. "Horren harira, Mikel Torres lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuaren erantzukizun politikoa ere mahai gainean egongo da, sindikatuokin gai honen inguruan biltzeari uko egin eta gero", azpimarratu dute.

 

 

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain