Minbiziaren osasunaz haragoko kalteak: ekonomikoak eta sozialak

Egun minbizia duten herritarren %37,4 lanerako adinean daude, eta langabezian egoteko arriskua %34 areagotzen da gaixotasuna gainditu duten pertsonen artean. Herrialdeetako ekonomientzat ere kostu ekonomiko handia dakar

Argazkia: iStock Argazkia: iStock

Gaur otsailak 4 minbiziaren aurkako nazioarteko eguna da. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) arabera, mundu osoan heriotza kausa nagusia da minbizia, eta 2020an soilik 10 milioi pertsona hil ziren gaixotasunarengatik. Hots, sei heriotzatik bat minbiziagatik izan zen.

Gaixotasun orok bezala, minbiziak eragin nabarmena du hura pairatzen duten pertsonen osasunean, eta baita bere ingurukoen bizitzetan ere. Aldagai asko baditu ere, ekonomikoari so egitea ere garrantzitsua litzateke, izan ere, gaixotasun honi aurre egiteko karga ekonomikoa handia da gaixoarentzat, baina baita antzemate goiztiarra eta diagnostiko azkarragoaren bila dabiltzan erakunde, eragile eta ikerketa zentro ororentzat.

2020an soilik 10 milioi pertsona hil ziren gaixotasunarengatik. Hots, sei heriotzatik bat minbiziagatik izan zen

Osasunaren Mundu Erakundeak 2014an egindako azterlan baten arabera, urte batean minbiziaren kostu ekonomikoa mundu mailan 1,16 bilioi dolarekoa izatera ailegatu daiteke. Gainera, adituen ustetan, errenta ertaina duten herrialdeetan 11.000 milioi dolareko inbertsioa egingo balitz gaixotasunaren prebentzioan, gerora, tratamendu onkologikoan 100.000 milioi dolar aurreztu ahalko lirateke.

Lan merkatuan oztopoak

Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartearen (AECC) arabera, 27.000 pertsona eta beren familiak egoera sozioekonomiko zaurgarrian aurkitzen dira minbizia diagnostikaretzako garaian. Horietatik 10.000 pertsona baino gehiago langabeak ziren 2021ean, eta beste 13.000 inguru langile autonomoak.

Bestalde, jakina da minbizia diagnostikatzerakoan gaixoaren lan egoerak okerrera egiten duela, lana utzi behar izaten baitute askok eta beste batzuk lanez aldatu, medikurako joateko hitzorduak areagotzen diren heinean. Espainiako elkarteak “Minbiziaren eragina lan arloan” ekitaldia antolatu zuen pasa den otsailaren 1ean, eta besteak beste, jardunaldian nabarmendu zen egun minbizia duten herritarren %37,4 lanerako adinean daudela.

Egun minbizia duten herritarren %37,4 lanerako adinean daude

Halaber, langabezian egoteko arriskua %34 areagotzen da minbizia gainditu duten pertsonen artean, munduko biztanleria orokorrarekin alderatuta. AECCren ikerketek diotenez, minbizia duten pazienteen %28,4k gaixotasunaren ondoren lana galdu edo utzi dutela diote, eta %3k lana utzi behar izan dute. Hori gutxi balitz, aldi baterako ezintasunen soldataren %25eko murrizketak, gaixotasunak eragiten dituen ezintasunen iraupen luzearekin batera, egoera ekonomiko zaurgarri batean ipintzen ditu paziente ugari.

Minbiziaren kostu ekonomikoak zuzenak eta zeharkakoak izan daitezke. Gastu medikuak, etxebizitza egin beharreko obra eta berregituraketak, farmazia, zaintza, diru-sarreren murrizketa…Espainiako elkartearen arabera, familien %16,5k 10.000 euro baino gehiago ordaindu dituzte gaixotasunaren zuzeneko kostuetan.

Honekin batera, ez da ahaztu behar bakardade egoeran dauden gaixoen errealitatea. Urtero, bakarrik bizi diren 48.508 pertsonei diagnostikatzen zaie minbiziren bat. Era berean, gaixorik dauden pertsonen gehiengoak gabezia emozionalak ere izaten dituzte, eta %30k laguntza psikologikoa jasotzen dute.

Mundu mailako inpaktua

Norbanakoen kostuez harago, minbiziak kalte handia eragin dezake herrialde baten ekonomikoan. Besteak beste, produktibitatea murriztu dezake eta langabezia areagotu. Hartara, gaixotasunaren antzematea eta diagnostikoa hobetzeko inbertsioak funtsezkoak dira herrialde baten bideragarritasun ekonomikoan.

Jama Oncology atarian minbiziaren inguruko azterlana argiratu zen orain gutxi. 29 minbizi desberdinek munduko 204 herrialdeetan, 2020 eta 2050 urteren artean, sortu dezaketen inpaktu ekonomikoa aztertzen da bertan. Egindako estimazio eta proiekzioen arabera, 2050rako minbiziak 25,2 mila milioi dolareko kostua suposatuko du munduko ekonomikoan.

2050rako minbiziak 25,2 mila milioi dolareko kostua suposatuko du munduko ekonomikoan

Nazioarteko herrialdeen artean, Txinak du kostu ekonomiko altuena (6,1 mila milioi dolar) minbiziaren kudeaketan. Estatu Batuetan 5,3 mila milioi dolareko kostua du eta Indian 1,4 mila milioi eurokoa.

Minbizi motari dagokionez, kostu gehienak (%15,4) trakea, bronkio eta biriketako minbizia artatzera bideratzen dira. Kolonarena (%10,9), bularrekoa (%7,7), gibelekoa (%6,5) eta leuzemia (%6,3) dira, ondoren, kostu ekonomiko handiena dakarten minbizi motak.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK