Datorren azaroaren 17 eta 18an, enplegu jardunaldi bat egingo da Hendaian (Lapurdi). Akitania Berriak, EAEk eta Nafarroak osatutako euroeskualdeak antolatu du, mugaren bi aldeetako administrazio publikoekin lankidetzan, eta mugaz gaindiko langileen eta enpresen eskubide eta betebeharrei buruzko informazio izango da eskuragarri.
Hala Hego Euskal Herriko, nola Akitania Berriko langileei edo zonalde horietan lan egin nahi dutenei zuzendutako topaketa da. Azaroaren 17an, astelehenean, 9:30tik 13:00etara eta 14:30tik 17:00etara egingo da, eta azaroaren 18an, asteartean, 9:30tik 14:00etara.
Besteak beste, jardunaldian fiskalitatea, Gizarte Segurantza, erretiroa, lan legedia eta langileen lekualdatzea, lan bilaketa edota laguntza sozialei buruzko gaiak landuko dira, eta hainbat erakundetako adituak izango dira, hala nola Gipuzkoa eta Nafarroako ogasunak, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionala, Lanbide, Nafarroako Enplegu Zerbitzua eta France Travail.
Bertaratzeko hitzordua hartzea derrigorrezkoa da.