Planeta osoko milmilioidunek hirukoiztu egin dute euren aberastasuna 2025ean eta "demokraziak mehatxatzen" dituzte. Hala baieztatu du Oxfam International erakundeak argitaratutako Aberatsenen inperioaren kontra. Demokrazia defenditzen milamilioidunen kontra izeneko txostenak.
Txostenak aztertu du aberastasunaren "muturreko" kontzentrazioak, iaz %16tik gorako hazkundea izan zuenak (azken bost urteetako urteko batez bestekoa baino hiru aldiz azkarragoa) botere politiko "gero eta handiagoa" dakarrela, eta elite horiei ekonomiaren eta gizartearen "arauak ezartzeko" aukera ematen diela, "beren onerako eta herritar guztien eskubide eta askatasunen kalterako".
Oxfamek urtero argitaratu ohi du tankerako txosten bat, Davos nazioarteko foroa hasten den egun berean. Erakundeak salatu du mundu osoko gobernuak kapital handien interesen aldeko erabakiak hartzen ari direla, eta herritarren askatasunak defenditu beharrean, “aberatsen alde egiten” ari direla.
Azterlanaren arabera, “iritsi da oligarkiaren eta demokraziaren artean aukeratzeko unea”. Izan ere, 2020tik, munduko dirudunen aberastasun metatua %81 hazi da; 2,5 bilioi dolarretakoa da metaketa hori, eta ia munduko osoko biztanleriaren erdia (%48,1) pobrezia egoeran bizi da gaur-gaurkoz, egunean batez beste 8,3 dolar dituelarik.
"Azken urte honetako gorakadarekin bakarrik, 2,5 bilioi dolar horiek muturreko pobreziari amaiera eman diezaiokete datozen 26 urteetan". Horren ordez, Oxfam Intermonek deitoratu du pobreza murrizteko tasa "gelditu" egin dela eta "2019koen oso antzeko" mailak erakusten dituela.
Milamilioidunen kopuruak 3.000 pertsonen kopurua gainditu du 2025ean. Era berean, elikagai gabezian den populazioa %42 hazi da 2015etik 2024ra bitartean.