
Nafarroako ekonomia %2 inguru haziko da 2025ean aurreikuspenen arabera, eta %1,8 inguru 2026an. Joseba Madariaga Laboral Kutxaren Ikerketa departamentuko zuzendariak atzo bertan emandako datuak dira. Datuok Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun departamentuan dituztenen oso antzekoak dira, Jose Luis Arasti konseilariak partekaturikoaren arabera: %2,1eko hazkundea 2025ean, eta %1,8koa 2026an.
Egoera ekonomikoaren benetako erradiografia egiteak, baina, irakurketa zabaltzea eskatzen du, eta hori izan zen Laboral Kutxak Iruñean antolaturiko Nafarroako Ekonomia Topaketaren helburua. Javier Cotajarena Laboral Kutxako Lurralde Zuzendariak eginiko sarreraren ostean hartu zuen hitza Madariagak, ikerketa departamentuaren azterketa partekatzeko, eta datuok abiapuntu solasaldia egin zuten Cortajarenak, Madariagak, Arastik eta Mikel Irujo Industria eta Trantsizio Ekologiko eta Digitaleko kontseilariak.
Urteko hazkundea %2ren bueltan ixteko "barne eskaria", hau da, zerbitzuak eta kontsumoa jokatzen ari dira rol gakoa. Aldi berean, berriz, KPIa %2,5an mantentzearen arrazoi nagusia dira janaria, etxebizitza, energia...
Laboral Kutxak eginiko txostena abiapuntu, eta Ekonomia eta Ogasuneko datuei erreparatuta, hainbat ideiatan laburbildu daiteke Nafarroako ekonomiaren egoera. Enpleguaren bilakaera ona da horietako bat. "Langabeziak behera egin du, %3,5en kokatzeraino, eta afiliazioak gora", esan zuen Madariagak. Bigarren ideia: urteko hazkundea %2ren bueltan ixteko "barne eskaria", hau da, zerbitzuak eta kontsumoa jokatzen ari dira rol gakoa. Aldi berean, berriz, Nafarroako KPIa %2,5an mantentzearen arrazoi nagusia dira janaria, etxebizitza, energia...
Bestaldean, industria ahul dago. "2024ko eta 2025eko urtarriletik irailera bitarteko tartea hartuta, %1,3ko jaitsiera izan da", kontatu du Madariagak. Beherakada hori modu nabarienean islatzen da esportazioetan, %6,3 jaitsi baitira, nahiz eta inportazioak gehiago hazi izanak datu hori konpentsatzen duen. Erortze horretan eragin du bereziki automobilgintzaren bilakaerak. "2024an ibilgailuek %40ko pisua zuten esportazioetan, eta %35ekoa 2025ean; eta %16,4 jaitsi da automobilen esportazioa iazko urtarriletik irailerako tartea aurtengoarekin erkatuta", argitu du Madariagak. "Industriaren ahuleziak zerikusia du aldi berean Europako industriaren egoerarekin, gure hazkundean ere eragiten ari dena", mahaigaineratu zuen Arastik.
Auto elektrikoaren aldeko apustua ere defendatu du Irujok. "Kontua ez da industriak bere buruari tiro egin diola. Ezin dugu jarraitu orain arte egin duguna egiten. Horrek ez du balio"
Gaiaz galdetuta, baina, Irujok ñabardura txertatu nahi izan du. "Volkswagenek iragarri zuen 2025 bailara urtea izango zela. Ekoizpenean beherakada egin du, auto elektrikoa ekoizteko aldaketak egin ahal izateko, eta horrek beherakada ekarri du ekoizpenean. Aurreikusi zitekeen", argudiatu du. Auto elektrikoaren aldeko apustua ere defendatu du Irujok. "Kontua ez da industriak bere buruari tiro egin diola. Ezin dugu jarraitu orain arte egin duguna egiten. Horrek ez du balio". Industria kontseilariak adierazitakoaren arabera, egun Nafarroko biztanleek foru erkidegoko BPGaren %11 gastatzen dute gas eta hidrokarburoen erosketan. "Egungo sistema oso garestia da", defendatu du.
Trantsizioan fokua jartzeaz gain, sektore berrien alde egitea ere ezinbestekotzat jo du Industria kontseilariak, eta azken urteetako apustuak zerrendatu ditu: elektronika, eraikuntza industrializatua, aeronautika eta, bereziki, biologia sintetikoa. Aurreikusita dago azken sektore horretan 300.000 milioi euroko inbertsioa egitea mundu mailan datozen 5 urteetan.
Muga-zergen eragina enpresentan
Arestian aipaturiko elementuak aintzat hartuta, Javier Cortajarenak aipatu zuen "erronka bikoitza" zela. "Batetik, hazkundea indartu, nazioarteko tentsioen eraginik gabe; eta aldi berean geroz eta zatituagoa dagoen ekonomia globalaren ekoizpen tresna egokitzea".
Mahai-gainean izan zen elementu bat izan ziren muga-zergak, eta horrek ere esportazioetan izan dezakeen eragina. "Muga-zergen gudak ez dio zuzenean Nafarroari eragiten", zioen Arastik. Foru erkidegoko esportazioen %4 inguru egin zen 2023an herrialde hartara, eta beheranzko joeran da. "Horrek ez du esan nahi ez dioenik eragiten. Beste herrialde batzuekin duen harremanaren bitartez eragiten digute", gaineratu zuen.
Joseba Madariaga (Laboral Kutxa): "Muga zergen zeharkako arriskuek kezkatzen gaituzte: balio kateak zalantzan jartzea; enpresarien eta inbertsiogileen konfiantzan duen eragina; muga-zergak ez jarrita ere prezioek izan dezaketen gorakada; eta egoera geopolitikoa, tentsioetan gorakada izan dezakeena"
Trumpen mehatxua urte hasieratik badator ere, abuztuan sartu ziren praktikan muga-zerga. "Oraindik ere prezioetan ez da eragina nabari", esan zuen Madariagak. Dena den, datu batzuk ere aurreratu zituen. "Guk erabilitako metodologia abiapuntu, eta estimazioak direla adirazita, BPGaren gaineko -%0,24eko jaitsiera suposatu dezakete muga-zergek". Datu horri erreparatzen badiogu, eragina ez da hainbestekoa Madariagaren aburuz. "Baina gure ustez, zeharkako arriskuak dira benetako arazoa, kezkatzen gaituena", adierazi zuen. Lau dira Laboral Kutxaren Ikerketa departamentuko zuzendariaren izenean zeharkako arrisku horiek: balio kateak zalantzan jartzea; enpresarien eta inbertsiogileen konfiantzan duen eragina; muga-zergak ez jarrita ere prezioek izan dezaketen gorakada; eta egoera geopolitikoa, tentsioetan gorakada izan dezakeena.
Hala ere, Irujok beste ideia bat mahaigaineratu zuen. "Muga-zergak ez ditugu gustuko. Baina aldi berean, Munichen duela aste batzuk energia fotovoltaiko esparruko Txinako ordezkari bat etorri zitzaigun, eta harrituta zegoen ikusita ez zegoela inolako muga-zergarik euren produktuak hona esportatzerako garaian". Beste adibide bat ere jarri zuen Irujok: "Txinako automobilei %35eko muga-zerga jartzea gako izan da bertako enpresa asko Europan plantak jartzen has daitezen". Hori esanda, adierazi zuen azkenaldian Txinako hainbat inbertsiogileekin bilerak izaten ari direla. "Nafarroak bi indargune ditu: egonkortasuna, eta arintasuna", defendatu zuen. Hala ere, gehitu zuen: "ez dugun edozein motatako inbertsiorik nahi". Izan ere, azkenaldian izan diren itxiera enpresarialetan prozesuaren deshumanizazioa sekulakoa izan dela adierazi zuen. "Baliodun enpresak nahi ditugu".
Ziurgabetasuna eta konplexutasuna
Nafarroako joera ezin da testuinguru isolatu baten ulertu, aintzat hartu behar baita nola dagoen nazioarteko politika. "Testuingurua zaila da", zioen Madariagak. Zentzu horretan, AEBren ekonomiaren bilakaera, Eurogunekoa eta Espainiakoaz ere hitz egin zuen Madariagak, eta Alemaniak zein Frantziak bizi duten egoeraz ere bai. AEBren kasuan, ekonomia hazten ari da, batez ere kontsumoari esker, alegia, barne aldagai batengatik. Zerbitzu sektorea ere bertan ondo dago, baina munduko beste toki batzuetan ez bezala, langabezia tasak beheranzko joera erakutsi du eta KPIa oraindik %3ren bueltan kokatzen da. Horrek guztiak zaildu egiten du Fed-en erabakia, are gehiago aintzat hartuta Jerome Powell Fedeko presidentearen eta Donald Trumpen arteko tirabirak direla eta.
Eurogunean %1,1eko hazkundea aurreikusi du datorren urterako. "Alemania igaroko da apenas ez haztetik, %1,2ko hazkundea izatera, eta Frantzia 0,6% eta 0,9% hazkundean kokatuko da. Azken honen kasuan, ordea, ikusteke dago bizi duen egoerari erreparatzen badiogu", adierazi zuen Madariagak. Gogoan izan behar da Alemaniaren beherakada nabaria etorri zela Ukrainako gerra iritsi zenean, Errusiari gas gehiago ez erosteko apustua egin baitzuten. "Eskari energetikoaren shocka testuinguruari loturiko zerbait izatetik, egiturazko izatera igaro da", mahaigaineratu zuen Madariagak.
Jose Luis Arasti: "Zorpetzea murriztea ez da helburua bere horretan, baina bai aintzat behartu beharrekoa"
Frantziaren kasuan, arazoa bestelakoa da: "erronka fiskal nabaria du". Une honetan, defizita %5,4koa du, Euroguneak markatzen duenetik oso urruti, eta zorpetzea %13an. "Murrizketa neurriak bai ala bai hartu beharko ditu gobernuak", azaldu zuen Madariagak. "Zorpetzea beharrezkoa da, baina maila batzuen barruan". Nafarroaren kasuan, zorpetze datu onak partekatu zituen Arastik: 2024ko abenduan, BPGaren gaineko zorpetze maila %10,3koa zen, eguneko superabita %1,4koa. "Zorpetzea murriztea ez da helburua bere horretan, baina bai aintzat behartu beharrekoa", kontatu zuen.
Espainia da, aldiz, Eurogunean bilakaera onena izaten ari den herrialdea, zerbitzuetan eta kontsumoan gertatzen ari denagatik. "Barne eskaria" gako izan da, bai kontsumoa, bai inbertsioa.