Ingurumen-larrialdiak gero eta ohikoagoak diren garaiotan, basozainen lan-karga gero eta handiagoa da. Lurraldeko ingurune naturalen egoera ez da duela hamarkada batzuk zena, eta klima-aldaketaren ondorioak gero eta bortitzagoak eta ugariagoak dira. Nafarroan ondo dakite hori, eta ondorioz, basozainek ezinbestekotzat jotzen dute lan-baldintzak eguneratzea.
Kolektiboak orotariko lanak egiten ditu: baso-suteen itzalketetan eta desagertutako pertsonen bilaketetan parte hartzen dute, landa guneko makineria astuna koordinatzen dute, 112 sistemaren parte dira eta inguruneari loturiko diru-laguntza publikoen kontrola ere egiten dute. Boluntario gisa lan egitea ere ohikoa izaten da: ELAren datuen arabera, 2022an Nafarroan izandako suteetan, laneguna ez zuten basozainen %90 boluntario gisa aurkeztu zen parte hartzera; Valentziako dana izan zenean ere bertara joateko prest agertu ziren.
Haatik, sektoreko langileen baldintzak ez dute hobera egin azken urteotan. Nafarroako basozainak ordezkatzen dituzten sindikatuek hainbat aldarrikapen aurkeztu zituzten bere garaian, baina oraingoz, egoerak bere horretan dirau. Ondorioz, sindikatuek langileei dei egin diete, “presio sozial eta instituzionalari eusteko”, eta ohartarazi dute mobilizazioak areagotu egingo dituztela.
Zer den eskatzen dutena? Bada, batetik, duela 25 urte kendu zieten %12ko maila-osagarria berreskuratzea. Osagarri hura zuten garai hartan, UPNren agindupean, Nafarroako Gobernuak onartu zuen basozainen funtzioak C mailakoak zirela. Maila igoera horrek, ordea, ez zuen inolako kosturik izan Gobernuarentzat, soldatetan ez baitzen igoerarik izan; horren ordez, %12ko osagarria kendu zitzaien Nafarroako basozainei. Orain, kolektiboak gehigarri hori berreskuratzea exijitzen du, “erantzunkizunak eta eginkizunak nabarmen handitu direlako”.
Langile gehiago behar direla ere azpimarratu dute sektoreko kideek. 2019-2022 Plan Zuzentzailean jada jaso zen 17 lanpostu berri sortzeko ideia, oraindik ere garatu ez dena, eta sektoreko langileek ezinbestekotzat jotzen dutena. Are, gehiago ere beharko direla aurreikusten dute. Sindikatuek ez dute onartzen Gobernuaren “aurrekontu faltaren aitzakia”, beste zenbait lanpostuetarako inbertsioak bideratu direla salatzen baitute.
Kontziliaziorako neurriak, ordutegien malgutasuna eta “langileen borondatean oinarritzen den egungo eredua” aldatzea ere eskatzen dute sindikatuek.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta