Aldaketa klimatikoak muturreko gertakari meteorologikoak eragiten ditu, eta horren erakusle, inoiz baino beroaldi itogarriagoak bizi ditugu munduan, negutegiko efektuko gasen emisioek hauspotuta. Bigarren industria iraultzaren aurretik (1850-1900) gaurdaino lurreko tenperatura 1,2 eta 1,4 artean handitu dela diote adituek, eta horrek lehorteak ugaritzea eta poloak geroz eta azkarrago urtzea ekarri du, besteak beste.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Munduaren bazter bakoitzean aldaketa klimatikoak modu batera edo bestera eragiten du. Zonalde batzuetan euri jasa bortitzek uholdeak sortu dituzte, beste batzuetan, hilabeteetako lehorte luzeek suteak piztu dituzte. Azken fenomeno hori da Euskal Herrian gero eta gehiago gertatzen ari dena, Nafarroan, batik bat.
Imarkoain eta Beriain arteko pinudi batean piztu zen orain lauzpabost egun azken sutea. AP-15 errepidetik ikus zitekeen, eta errepidea bera itxi egin behar izan zuten 56. eta 8. kilometroen artean, bi norabideetan. Sutea ondoko soroetara nahiz industria-guneetara hedatu zen, eta nekazaritzarako 80 hektarea kiskali ziren.
Azken egunetako bero boladaren aurrean, Nafarroako Gobernuak gomendatu die laborariei 14:00etatik aurrera uztarik ez biltzea, eta sutea pizteko arriskua handitu dezakeen jarduerarik ez egitea. Sanferminak lehertuta, 40 graduren ingurumarian izan dira egunotan Nafarroan, eta zekaleen uzta jasotzeko garaia da nekazari askorentzat.
Sua itzaltzea hasiera besterik ez da
Nekazarientzako buruhauste handia dira suteak, urte osoko lana zapuztu dezaketelako. Mimo handiz landutakoa erre eta hurrengo hilabeteetan erein nahi denarentzat larrerik ez izatea dakarte. Izan ere, sua itzaltzea arazoaren hasiera besterik ez da, sute batek minutu gutxitan suntsi baitezake urte askotan zehar hazi den esparru naturala, baina ingurune hura birsortzeko beste urte ugari igaro behar dira, mendeak apika. Hortaz, ez da bakarrik suntsitutako uzta, baita etorkizuneko lana galtzea ere.
Suteen kostu ekonomikoa, baina, ez da baso eta soroen suntsipenera soilik mugatzen; baditu bestelako albo-ondorio batzuk. Esan bezala, laborarien uzta baldintzatzen du, baina baita azpiegiturak ere. Sare elektriko, errepide eta telekomunikazio azpiegiturak kaltetzen ditu, hornikuntza kateak etetea ekar dezake eta landa eremuko turismo jarduera baldintzatzen du.
Nafarroako Gobernuak 43 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du suteen prebentzio eta itzaltze zerbitzuetarako
Hego Euskal Herriak 1.150.000 hektareako basoa du, eta horietatik 600.000 baino gehiago Nafarroan aurki daitezke. Hortaz, foru erkidegoan suteak izateko aukera handiagoa da. Foru erkidegoko gobernuaren arabera, sua itzaltzeko kostua 10.000 eurokoa da hektarea bakoitzeko. Era berean, prebentzio politikek ere kostua dute. Nafarroako Gobernuak 43 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua du suteen prebentzio eta itzaltze zerbitzuetarako.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, Jaurlaritzaren Segurtasun sailaren barruan dagoen Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak kudeatzen du sute, uholde eta bestelako gertakari klimatologikoen gaineko koordinazioa. Halaber, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek suteen prebentziorako zerbitzu nahiz programak martxan dituzte. Hiru diputazioen aurrekontuak batuta, ehun milioi euro baino gehiago bideratzen dituzte prebentzio eta amatatze zerbitzuetara.
Baso-azalera eta suteak
Europako Batzordeak 2022an eginiko txosten baten arabera, suteek Espainiako BPGan %4,5eko kostua izan zuten urte hartan; hau da, 71.623 milioi eurokoa. Planeta geroz eta beroagoa dagoela kontuan harturik, suteen kopuruak gora egin du, eta litekeena da kalte ekonomiko hori handitu izana azken urteetan.
Era berean, Espainiako Estatuko administrazio publikoek orotara 2.760 milioi euro erabili zituzten suteak prebenitu eta itzaltzeko 2023an. Iazko udan 500 milioi euro erabili zituen. Europako Parlamentuak, halaber, 120 milioi euroko laguntza onartu berri du, iaz Espainian izan ziren suteek eragindako kalteei aurre egiteko. Pedro Sanchezen gobernuak 4.318 milioi eurotan neurtu zuen sute horien kalte ekonomikoa. Gaztela eta Leon, Galizia, Extremadura eta Asturias izan ziren autonomia erkidego kaltetuenak.
Europako Batzordeak 2022an eginiko txosten baten arabera, suteek Espainiako BPGan %4,5eko kostua izan zuten urte hartan
Brasil, Errusia, Kanada, AEB eta Australia dira munduan sute gehien pairatzen dituzten herrialdeak. Azalera handiko herrialdeak izanik, baso ugari dituzte. Hori bai, erretako azaleraren arabera, Australia da sute handienak izan dituen herrialdea. 2020an, esaterako, 18 milioi hektarea erre ziren bertan. Kanadak ere antzeko egoera bizi izan zuen 2023an.
Despopulazioa
Basoetako suteek desestazionalizazio prozesu bat izan dute, baina oraindik udaran izaten dira kasu gehienak, eta inpaktu handiena ingurugiroan izaten badu ere, kaltetu egiten dute turismoa, nekazaritza, eraikuntza sektorea, aseguruak, tokiko merkataritza edota finantzaketa publikoa bezalako beste esparru batzuk ere. Horiei gainera, beste albo-ondorio bat gehitu behar zaie: herri txikien despopulatzea. Sonatua da Nafarroan herri txiki ugari huts geratzen ari direla eta suteek fenomeno hori areagotzea dakarte.
COITF Espainiako Colegio Oficial de Ingenieros Tecnicos Forestales erakundearen arabera, suak landa eremuko herri txikien abandonua azkartzen du, eta jenderik gabeko zonalde bat are babesgabeago uzten du hurrengo sutearen aurrean. Bilakaera hori haustea da, ziurrenik, erronkarik handiena, erakundeak dioenez.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta