• EKONOMIA
  • Nazioartekotze estrategikoa aldarrikatu du Orkestrak

Nazioartekotze estrategikoa aldarrikatu du Orkestrak

Industria bultzatzeko nazioarteko konexio estrategikoak ehundu behar direla ondorioztatu du Lehiakortasunerako Euskal Institutuak

Orkestrako zenbait ordezkari Imanol Pradales lehendakariarekin | Argazkia: Irekia
Orkestrako zenbait ordezkari Imanol Pradales lehendakariarekin | Argazkia: Irekia
2025eko azaroaren 24a - 17:30

Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiakortasunari buruzko 2025eko Txostena aurkeztu du gaur Orkestra-Lehiakortasunerako Euskal Institutuak, Deustuko Unibertsitatean egindako ekitaldian, Bilbon. Bertan izan dira Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasun sailburua eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusia. 'Nazioarteko konexioa, industriaren bultzatzaile' izena du argitalpenak Spri taldearen laguntzarekin egin da, eta emaitzen arabera, ezinbestekoa da “nazioartekotze estrategikorako pausoa” ematea.

 

Horretarako, txostenean hiru bide aztertu dira, zeintzuek industriaren lehiakortasunari eragiten dioten: merkataritza interdependentziak, inbertsio fluxuak eta pertsonen eta jakintzaren mugikortasuna.

Lehenengo aukerarekin, Orkestrak nazioarteko merkatuak dibertsifikatzea proposatzen du, bai merkataritza harreman berriak eraikita, bai egungo helmugetan presentzia fisikoa indartuta. Erakudendeak azaldu du EAE esportazioen sotisfikazioagatik nabarmentzen dela, “herrialde askok esportatzen ez dituzten askotariko produktuak esportatzen” dituelako.

 

Hala ere, inportazioen menpekotasunaz ohartarazi du txostenak, bereziki, energiari eta lehengai kritikoei dagokionez. Horregatik, Orkestrak gomendatu du “merkataritza arriskuak dibertsifikatzea”, hornitzaileen aniztasuna handituta, besteak beste.

James Wilson: “Etorkizuneko nazioartekotzea ez da merkatuak irekitzera mugatuko, baizik eta balio partekatua sortuko duten konexio estrategikoak ehuntzean oinarritu beharko du”

Bigarren bideak, “inbertsioen paradigma berriak”, errotze estrategiak lantzeari egiten dio erreferentzia. Izan ere, txostenak baieztatzen du merkatu estrategikoetan zuzeneko presentzia eta inbertsioa indartu behar direla. Aldi berean, Orkestraren arabera ez da nahikoa atzerriko kapitala erakartzea, garrantzitsua baita beraiek EAEn errotzea, inbertsioa finkatu eta sendotuko duten estrategiak garatuta.

Hirugarren bideak pertsonengan jartzen du fokua. “Lanbide heziketako zein unibertsitateko prestakuntza duten pertsonak erakartzeari” eman dio garrantzia txostenak; gaur egun, unibertsitateko ikasleen %6,8 soilik da atzerritarra. Horretarako, Orkestrak proposatzen du “EAEk atzerrian dituen egitura instituzionalen potentzial guztia aprobetxatzea”, nazioarte mailan ikasle fluxua areagotu dadin, eta, hala, “industriarako funtsezkoak diren gaitasun zientifiko-teknologikoak” sendotu daitezen.

Hiru proposamenak kontuan izanik, Orkestraren ondorioak Wilson zuzendariak esandakoarekin laburbildu daitezke: “Etorkizuneko nazioartekotzea ez da merkatuak irekitzera mugatuko, baizik eta balio partekatua sortuko duten konexio estrategikoak ehuntzean oinarritu beharko du”.