• EKONOMIA
  • Nekane Jurado: "Benetako giza kapitala gu geu gara"

Nekane Jurado: "Benetako giza kapitala gu geu gara"

Egun bizi dugun krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko "sorginen unea" dela aldarrikatu du Juradok

Argazkia: Maite Reizabal
Argazkia: Maite Reizabal
Karolina Sainz de Bikuna Irigoien
EnpresaBIDEAko negozio zuzendaria
2022eko maiatzaren 3a - 05:30
Eg. 2023eko abuztuaren 11a - 11:38

Nekane Jurado Pérez (El Pont de Suert, 1958) euskal herritar ekonomialari marxista da. Ekonomia eta Enpresa Zientzietan, Aktuaritza eta Finantza Zientzietan eta Psikologia Klinikoan lizentziatua da, eta Ezpala aldizkariaren sortzailea. Genero ikertzailea, ekonomian emakumeen ekarpena aztertzen duena, eta hogeita bost urte baino gehiagoz aritu da lanean Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailean. Hainbat aldizkari eta irratitan ohikoa den kolaboratzailea da, eta 29 liburu ditu argitaratuta, bakarrik edo taldean. Genero eta klaseko militantea, beste ekonomia eredu posible batean sinesten du.

 

Mundu mailan bizi dugun krisi sakon honen testuinguruan, sistema kapitalistaren aurrean intsumiso azaldu eta beste eredu bat lantzen hasteko ezinbesteko aukera dugula aldarrikatzen duzu. Ba al da gaur egun beste sistema egingarririk?

Nire ibilbide ekonomikoan, eta administrazioan lan eginez, ikusi dut eredu makroekonomikoetan pentsatzen dugula beti. Gaur egun ezagutzen dugun kapitalismo basatia hain dago barneratuta eta hain indartuta, ezen eredu makroekonomiko gisa aukera global bat planteatzea ia ezinezkoa den. Bere engranaje ahulak zein diren pentsatu eta makinaren azkoin ahulak deskonektatu behar dira. Guk geuk ez diogu gure buruari ematen pertsona gisa, komunitate gisa, benetan dugun balioa. Benetako giza kapitala gu geu gara, pertsonak, aberastasuna sortzen ari garenak, eta botereak erabili egiten gaitu. Eta sistemak lanik ematen ez badigu, uste dugu ez dugula ezertarako balio, benetako kapital guztia guk dugunean. Eredu berriak sare-eredu bat izan beharko luke, komunitatean korapiloak egiteko eredu bat, hari eusteko eta komunitatean aberastasuna sortzeko, haren beharrak asetzeko. Hori posible da komunitate txikietan, auzo handietan... Eta, oraintxe bertan, oso elementu garrantzitsua dugu komunitate horren harreman ekonomiko guztiak saretzeko; gizarte-moneta askea da, existitzen dena, frantsesek sortu dutena: G1 izenekoa da. Kriptomoneta bat da, baina ez da bitcoin bat, ez da euroekin lortzen, etikarekin baizik, egunero sortzen da komunitate horren konfiantzaren arabera. Ideia hori ulertzea zaila da, baina tresna sozial oso baliotsua da. Bada jendea gizartean pentsatzen, eta hortik etorri behar du gure erantzunak. Laguntzeko pentsamendu global horretan, tokian jardun behar dugu.

 

"Nire ibilbide ekonomikoan, eta administrazioan lan eginez, ikusi dut eredu makroekonomikoetan pentsatzen dugula beti"

Desobedientzia ekonomikoa eta harreman ekonomiko berrien inguruan lan egiten duzu. Nola egin dezakegu desobedientzia hori?

Begira, pasadizo bat: Ezpala aldizkaria legez kanpo utzi ziguten Egunkariaren itxierarekin batera. Azken zenbakia maila guztietako desobedientzia zibilari buruzko monografikoa zen (fiskala, ekonomia mailakoa…). Nola gauzatuko genuke gaur desobedientzia? Komunitate batean zerbitzu-merkatu bat garatzeko gai izango bagina, eta, gainera, eurotik kanpo garatuko bagenu, eredu ekonomikoarekiko desobedientzia benetan indartsua egiten ariko ginateke. Garatutako eredu ekonomikotik kanpo egongo ginateke.

COVID-19k agerian utzi du pobreziak gora egin duela baliabideak dituzten herrialde aberatsetan, esaterako, Alemanian, EBko batez bestekoaren gainetik baitago pobreen % 22,5. Eta egoera hori ez da neutrala generoari dagokionez, guztira 12 milioi emakume baino gehiago daude EBan pobrezian bizi direnak.

Hori da errealitate gordina: gero eta pobreagoa den testuinguru batean, enplegua izatea ez da pobrezia-egoeretatik babesteko babes bat. Langile pobreen existentziak hautsi egiten du ideia hau: lan-merkatuan sartzea oinarrizko baldintza da pobrezia, gizarte-bazterketa edo gabezia materiala saihesteko. Ez da hala, inolaz ere. Soldatak funtsezkoak diren arren, pobrezia etxeetan gauzatzen da, politika publikoek ez baitute betetzen aberastasuna birbanatzeko bete behar duten funtsezko eginkizuna. Langile pobreen fenomenoa egiturazkoa bihurtuko da gurea bezalako gizarteetan, non enpleguaren baldintza kaskarrei gizarte-baliabideen urritasuna gehitzen baitzaie.

Eustaten azken estatistikak Errenta Pertsonal eta Familiarrari buruzko 2019 Estatistika, 2021eko azaroan argitaratua, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako lan-errenten pobretze kronifikatuaren maila adierazten du.

Datu kezkagarriak dira, zalantzarik gabe. 18 urtetik gorako biztanleen % 13,53k ez du inolako errentarik jasotzen, eta biztanleen % 60k 13.563 euro baino gutxiagoko errentak ditu urtean, edo ez du inolako errentarik (langile pobreak EBren arabera). % 10ek bakarrik du 43.790 eurotik gorako lan-errenta. Besteak best, batez bestekoak ezkutatzen dutena da gizonen eta emakumeen arteko errenta-banaketaren arteko benetako alde handia; gizonek16.876 euroko batez besteko lan-errenta lortzen dute; emakumeek, berriz, 10.510 eurokoa dute, hau da, gizonek emakumeek baino 6.366 euroko batez besteko lan-errenta lortzen dute urtean (% 60,57 gehiago).

"Soldatak funtsezkoak diren arren, pobrezia etxeetan gauzatzen da, politika publikoek ez baitute betetzen aberastasuna birbanatzeko bete behar duten funtsezko eginkizuna"

Bizi dugun krisi ekonomikoa eta sistema beraren krisia begiak irekitzeko balio izango zaigula esango al zenuke? Berriz ere hasteko aukera bezala ikus al daiteke?

Nik, aurreko krisiarekin, 2008-2013koarekin, benetan uste nuen kontzientziak esnatu egingo zirela; ekintzak izan ziren auzoetan, herrietan, elkartasun handia, baina jendea ez zen barrutik aldatu, eta horregatik hasi ziren kimu berdeak eta gainerakoak desagertzen. Gaur egun jendea ez dago esnatuago; aldiz, narkotizatuago dago, konfinamenduak, pentsamendu bakarra, hedabideek... jendea orain lotan dago orokorrean, baina bada askoz ere esnatuago dagoen sektore garrantzitsua. Eta uste dut krisi hau ez dela izango ezagutu ditugunak bezalakoa, munduko ekonomia-ordena berri bat garatzen ari delako, non COVID-19a, gerra…, elkarrekin lotuta baitaude ordena horri zentzua emateko. Datorren horrek halako moldez apurtuko ditu eskemak, jendea esnatu egingo baita. Esna dauden kontzientziek sare hori sortu beharko dute komunitatean hondoratuko den guztia biltzen joateko, ahalik eta gutxien hondoratu dadin. Orain egiten ez badugu, oso aukera gutxi izango ditugu. Nik esna dauden kontzientzietan sinesten dut.

Zein da zure iritziz emakumeok testuinguru honetan jokatu behar dugun papera?

Funtsezkoa baino gehiago. Emakumeak gara bizitza ematen dugunak, eta bizitza hori suntsitzen ikusten dutenean dena jartzen dutenak. Nik konfiantza handia dut elkartasun, klan, talde paradigma berri hauetan. Gainera, Euskal Herriak babes-sustrai hori du, bere emakumeen oroimen kolektibo horrengatik. “Sorgina” kontzeptua, “sor”, sortzailea da, sorgina hitzaren filologia aldarrikatzea gustatzen zait. Euskal Herria sorginak dira. Eta sorginen unea da.