• EKONOMIA
  • Nekazaritza sektorearentzako laguntzak iragarri ditu Gipuzkoako Aldundiak

Nekazaritza sektorearentzako laguntzak iragarri ditu Gipuzkoako Aldundiak

3 milioi euro baino gehiago erabiliko dira nekazaritza ustiategiak babesteko

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026eko otsailaren 17a - 13:09

Nekazaritza sektorearentzat laguntza deialdi berria iragarri du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak: 3.015.000 euro bideratuko dira nekazaritza ustiategiak babestera. Dirulaguntza Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsarekin (LGENF) batera finantzatuko du Foru Aldundiak.

 

Irune Berasaluze foru bozeramaileak eman ditu laguntza lerro berriari buruzko azalpenak. Azaldu duenez, sektoreak egiturazko desabantailak ditu, baldintza naturalen ondorioz jarduera ingurune konplexuetan egiten baita. Arazo horiek konpentsatzeko dirulaguntza da gaur aurkeztutakoa, “Gipuzkoako landa ingurunea bizirik mantentzeko” beharrezkotzat jo baitu Aldundiak. Era berean, Berasaluzek gogorarazi du sektorea “kostuen igoera eta araudiaren presioa” jasaten ari dela, eta aldi berean, ekarpen ekonomikoaz gain “enplegua sortzen, paisaia kudeatzen eta biodibertsitatea babesten” laguntzen duela.

Bestalde, 1.770.000 euroko zuzkidura izango duen beste lerro bat iragarri du Berasaluzek, ingurumen-, klima- eta kudeaketa-konpromisoetarako laguntzetarako. “Konpromiso gehigarriak borondatez” hartzen dituzten nekazaritza ustiategiei bideratutako lerroa izango da, “lurraldearen jasangarritasuna eta biodibertsitatea indartzen, lurzoruaren eta uraren kalitatea hobetzen edo klima aldaketaren ondorioak arintzen eta egokitzen laguntzeko”.