• EKONOMIA
  • Nekazari eta abeltzainek kaleak hartu dituzte Mercosurren akordioaren kontra

Nekazari eta abeltzainek kaleak hartu dituzte Mercosurren akordioaren kontra

Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB) aurreikusitako murrizketak ere salatu dituzte

Argazkia: Europa Press
Argazkia: Europa Press
2026eko urtarrilaren 29a - 15:31
Eg. 2026eko urtarrilaren 30a - 10:57

Beste egun batez traktoreen soinuak entzun ahal izan dira Hego Euskal Herrian. Bilbon, Gasteizen zein Iruñean antolatu dituzte martxak abeltzain eta nekazariek, Europar Batasunak Mercosurrekin hitzartutako akordioaren aurkako protesta dela-eta. Atzo ere egin zituzten martxei jarraipena eman diete hala, “EB-Mercosur stop! Elikadura ez da merkantzia” lemapean.

 

Arabako 150 traktore inguru elkartu dira, eta Gasteiz Hiribidetik igarotzean zirkulazioa oztopatu dute, Tuvisako zenbait lineatan atzerapenak eraginda. Bilbon beste 75 traktore bildu dira San Mamés inguruan. Iruñean arratsaldeko 17:00etan egingo dute protesta, Baluarte plazatik hasita.

Lehen sektoreko langileek gogorarazi dute Mercosurrekin sinatutako hitzarmenak 900 milioi euroko galerak ekarriko dituela sektorearentzat, eta horrek belaunaldi erreleboari eragingo diola baieztatu dute, baita, ondorioz, sektorearen etorkizunari ere. “Aurrekontuak autonomia-erkidegoek kudeatu behar dituzte, haiek ezagutzen baitituzte nekazariek dituzten arazoak”, adierazi du Jaime Ríos Arabako Errioxako nekazarien ordezkariak.

 

Bilbon, Unzalu Salterain EHNEko arduradunak gaineratu du Mercosur akordioak euskal baserritarren ekoizpen txiki eta ertainen ereduari ez ezik, Brasilgo, Argentinako zein Paraguaiko nekazariengan ere eragina duela, “irabaziko duten bakarrak multinazionalak izango direlako”. Biztanleriari ere dei egin dio Salterainek, “bertako produktuak, hurbilekoak” kontsumitu ditzaten, “nekazarien gaitz handientzako antidoto gisa”.

Manifestariek protestak aprobetxatu dituzte, Mercosurren hitzarmenaz gain, Nekazaritza Politika Bateratuan (NPB) egindako murrizketak salatzeko. “Ezin dugu dirulaguntza zuzenetan iragarritako murrizketa onartu”, azaldu dute.