Europako Parlamentuak geldiarazi egin du urtarrilaren 17an Mercosurrekin sinatutako merkataritza ituna. Gaur zuten europarlamentariek itunari buruz erabakitzeko azken eguna, eta hitzarmena auzitegitara eramatea erabaki dute. Hala, Europako Justizia Auzitegiaren esku geratu da auzia orain.
Bozketa estua izango zela jakitun ziren EBko agintariak, europarlamentarien artean desadostasunak baitzeuden bai ezker bai eskuineko alderdien artean. Eskuineko alderdi gehienek ez zuten erabakia epaileen esku utzi nahi, neurri horrek bi urte atzeratu baitezake lehen sektoreko merkataritza ituna indarrean sartzea, epaileen erabakia iritsi arte. Europako Justizia Auzitegiaren arabera, 18 eta 24 hilabete behar izaten ditu halako auzia ebazteko.
Parlamentuan 334 boto izan dira erabakia Europako Justizia Auzitegiaren esku uztearen alde. 324 ordezkarik aurka bozkatu dute eta 11 abstentzio izan dira.
Mercosurrekin eginiko merkataritza libreko itunak 700 milioi pertsona ingururi eragingo lieke. Irlanda, Frantzia edota Polonia akordioaren aurka azaldu dira, kontinentearen lehen sektorearentzat kaltegarria izango dela argudiatuta. Kontrara, itunaren aldekoek diote Europako industriarentzat aukera bikaina izan daitekeela akordioa eta EBren posizio geoestrategikoa indartuko duela.
Nekazariak, aldiz, itunaren aurka azaldu dira Europa osoan eta baita Euskal Herrian ere. Atzo, FNSEA Frantziako laborarien sindikatu nagusiak deituta, Estrasburgon elkartu ziren, Europako Parlamentuaren egoitzatik gertu.