Atzo Europar Batasunak eta Indiak hitzartutako akordioa “aukera garrantzitsu” gisa definitu du Spri taldeak, bai bi aldeen arteko muga-zergak nabarmen murriztuko dituelako, bai esportatzeko laguntzak eskainiko dituelako, merkatuetarako sarbidea erraztuz eta segurtasun juridikoa indartuz. “Akordioa azken hamarkadan bultzatutako merkataritza itun garrantzitsu eta estrategikoenetako bat da”, berretsi du Sprik. Izan ere, bi lurraldeen ekonomiak batuta munduko BPGaren %25 inguru eta 2.000 milioi kontsumitzaile baino gehiago ordezkatzen dira.
Taldeak zehaztu duenez, EAEko 300 enpresek esportatzen dute erregularki egun Indiara, eta bederatzigarren herrialdea da EAEko enpresen guztizko ezarpenen rankingean. Gehien bat, automobilgintza, energia, fabrikazio aurreratuko teknologia, ingeniaritza eta eraikuntzaren sektoreek dute presentzia herrialdean.
Datuak kontuan izanik, Sprik azpimarratu du India “potentzial handia duen bazkide komertziala” dela EAErentzat, “gaur egun EAEko kanpo-merkataritzan duen pisua ez datorrelako bat eskala globalean duen garrantzi ekonomiko gero eta handiagoarekin”. Izan ere, mundu mailan Asiako herrialdearen ekonomia gero eta garrantzitsuagoa bilakatu den arren, EAErekin duen lotura komertziala ez da horrenbeste garatu azken urteetan. Esaterako, 2024an EAEko esportazio guztien %0,61 soilik hartu zuen Indiak, nahiz eta sektore jakin batzuek pisu handia hartu zuten: berunak eta bere manufakturaren esportazioari dagokionez, esaterako, %50 inguru biltzen du Indiak.
Inportazioei dagokionez, guztizkoaren %1,49 egokitu zitzaion Asiako herrialdeari, erregai mineralak, produktu siderurgikoak eta ekipo mekanikoko ondasunak gailenduta, besteak beste. Esportazio eta inportazioen zenbatekoak kontuan izanda, egun Indiaren aldekoak dira zifrak baina, atzo lortutako akordioari esker eta Indiak duen gero eta eskari handiagoari esker, Sprik jakinarazi du EAEko “balio erantsi handiko” esportazioak sustatuko direla.