• EKONOMIA
  • “Oarsoaldearen etorkizuna urdina da”

“Oarsoaldearen etorkizuna urdina da”

Oarsoaldea Urdina Poloak helburu du Pasaiako badia ekonomia urdinaren munduan posizionatzea, "garapen jasangarria" bultzatuz

Oarsoaldea Urdina Poloaren dinamizazio jardunaldia egin zen atzo | Argazkia: Oarsoaldea Garapen Agentzia
Oarsoaldea Urdina Poloaren dinamizazio jardunaldia egin zen atzo | Argazkia: Oarsoaldea Garapen Agentzia
Joanes Marquet Lopetegi
EnpresaBIDEAko kazetaria
2025eko abenduaren 18a - 05:30

Oarsoaldeko bizitza eta lanaren ardatz nagusietako bat da itsasoa, eta hori dela eta, eskualdeko garapen agentziak, Aztik eta beste zenbait eragilek ekonomia urdineranzko urratsak eman dituzte azkenaldian. Ekonomia-eredu honek berrikuntza, jasangarritasuna eta tokiko ekonomia garapena uztartzen ditu, eta itsasoa baliatuta jarduera ekonomiko berriak, energia garbiak eta ikerketa sustatu nahi ditu, besteak beste.

 

Atzo, Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Juanba Berasategi Kulturgunean Oarsoaldea Urdina Poloari buruzko jardunaldia egin zen, eta bertan izan ziren, besteak beste, Teo Alberro Pasaiako alkatea, Izaskun Goñi Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakaria, Ixone Soroa Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria eta Koldo Peciña Gipuzkoako Foru Aldundiko Proiektu Estrategikoen zuzendaria. Eskualdeko zenbait eragilek ere hainbat mahai inguruetan parte hartu zuten.

Julien Mader Azti zentro zientifiko eta teknologikoko itsas teknologien zuzendariak Oarsoaldea Urdina proiektuaren egungo egoera eta etorkineko urratsak izan zituen hizpide atzoko jardunaldian. Gogoratu zuen Oarsoaldeako Garapen Agentziak eta Aztik 2001ean abiatu zutela proiektua elkarlanean Berpiztu funtsen bidez. “Helburu nagusia zen Pasaiako badia ekonomia urdinaren munduan posizionatzea, garapen jasangarria bultzatzeko asmoz”.

 

Julien Mader (Azti): “Pasaiako badia berrikuntza eta frogaketa eremu bihurtu nahi dugu eta gizartean inpaktua izango duten enpresa proiektuak sustatu nahi ditugu”

Urte hauetan hainbat proiektu eraldatzaile gauzatu dituzte deskarbonizazioan, itsas ikerkuntzan, ibilgailu autonomoen esparruan, ontzien ingeniaritzan edota bioteknologian. “Pasaiako badia berrikuntza eta frogaketa eremu bihurtu nahi dugu eta gizartean inpaktua izango duten enpresa proiektuak sustatu nahi ditugu”, esan zuen Maderrek, eta era berean, argitu zuen eskualdean ekonomia eta enplegua sortzeko helburua dutela.

Itsasoarekiko harremana berrasmatzen

Jarduera ekonomiko berriak sortzeaz harago, ekonomia urdinaren bidez “itsasoarekiko harremana berrasmatu” nahi du Oarsoaldeak. Aztiko ikerlariaren hitzetan, 2025ean trantsizio garai batean aurkitzen dira, baina hurrengo hilabetetan burutu nahi dituzten zenbait proiektu aipatu zituen atzoko agerraldian.

Berpiztu funtsen laguntzari esker, eta 1,6 milioi euroko inbertsioa eginda, La Herrera auzoan eraikin berritzaile bat abiatuko dute. Itsasoari lotutako proiektu eta enpresak kokatuko dira bertan. Era berean, zenbait Living Lab ezarri nahi dituzte portuan, Aztiren laborategien ondoan zehazki, esperimentu eta frogak egin ahal izateko, besteak beste.

Oarsoaldea Urdinak ozeanoak babesteko itunarekin ere bat egin zuela nabarmendu zuen Maderrek. Arku Atlantikoko batzordean ere parte hartzen du, zeinetan aliantzak osatu dituzten beste eragileekin eta etorkizuneko proiektu estrategikoak finkatu dituzten. Halaber, Tecnalia eta beste zenbait zentro teknologikorekin hainbat itsas teknologia garatu dituzte ekonomia urdinean aplikatu ahal izateko.

Etorkizuneko lau urrats

Oarsoaldea Urdina proiektuak lau urrats nagusi eman nahi ditu etorkizunera begira: EAEko Ekonomia Urdinaren 2025-2030 plan estrategikora atxikitzea, Pasaiako Plan estrategikoarekin bat egitea, Oarsoaldea Urdina Poloaren gobernantza “irekia” burutzea eta arestian aipatutako La Herrera eraikina abian jartzea. “Sinergiak bilatu nahi ditugu inguruko eragileekin”, adierazi du Maderrek.

Egitasmo horiek guztiek helburu bera dute: Oarsoaldeko itsasoa garbiagoa, adimentsuagoa eta jasangarriagoa izatea, eta hori lortzeko tokiko eragileek argi dute eskualdearen etorkizunak urdina behar duela izan.