• EKONOMIA
  • Oihane Sanz Iturralde:"I+Gn liderra izanik, emakumeen talentua bidean galduta, herren geratzen gara"

Oihane Sanz Iturralde:"I+Gn liderra izanik, emakumeen talentua bidean galduta, herren geratzen gara"

Emakumeak Zientzian ekimenaren 10. urteurrenean, Oihane Sanz Iturraldek ohartarazi du talentu galerak euskal industriaren eraldaketa digitala muga dezakeela

Oihane Sanz, eskubian, Emakumeak Zientzian egitasmoko aurkezpenean | Argazkia: utzitakoa
Oihane Sanz, eskubian, Emakumeak Zientzian egitasmoko aurkezpenean | Argazkia: utzitakoa
image0(1)
Kazetaria
2026eko otsailaren 10a - 05:30

Bihar, otsailaren 11n Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzen da, eta Euskal Herrian badugu zer ospatu, baina baita zer hausnartu ere. Emakumeak Zientzian ekimenak hamarkada bat bete du aurten, eta hasierako 16 erakunde haietatik gaur egungo 34 kideetara igo da, marea geldiezina bihurtuz.

 

Oihane Sanz Iturralde EHUko Kimika ikertzaile eta Emakumeak Zientzian proiektuaren koordinazio taldeko kidearekin hitz egin du EnpresaBIDEAk. Sanz Iturraldek argi du: "EAE I+Gn liderra izan daiteke, baina emakumeen talentua bidean galtzen badugu, herrialde gisa lehiakortasuna herren geratuko da". Orduan, zergatik dira oraindik hain gutxi sektore teknologikoetan aritzen diren emakumeak? Nola lortu "marea" horrek zentroetako zuzendaritza-postuak ere busti ditzan? Erantzunak Sanz Iturralderen hitzetan. 

2026an 10 urte beteko ditu Emakumeak Zientzian ekimenak. Nola aldatu da euskal enpresa eta zentro teknologikoen pertzepzioa emakumeen ikusgarritasunaren beharraz azken hamarkada honetan? 

 

Ikerkuntzaren aldetik, emakumeen lidergoa zerbait handitu da, baina enpresetan ere oraindik presentzia falta da. Urte hasieranbertako gaztelerazko egunkari baten argitaratutako berri batean ingeniaritza industrialeko emakumeak kristalezko sabaia hautsi zutela aldarrikatu zen. Datuak kontuan hartzen baditugu, hamarretik hiru baino gutxiago dira emakumeak, beraz, hori ez da markarik haustea. Gauzak hobetzen doaz, baina lan asko dugu aurretik ikusgarritasun erreal bat lortzeko.

"Emakumeak gizartearen erdia baldin bagara, nola liteke ikerkuntzan eta garapenean liderra den herrialde batean, gizartearen zati hori esparru horietatik kanpo geratzea?"

Marea bizia gara izan da aurten hautaturiko leloa. Kolektiboaren indarra azpimarratu duzue. I+G ekosistema hain zatituta dagoen testuinguru batean, nola lortzen da 34 erakundek norabide berean arraun egitea kristalezko sabaia hausteko? 

Argi dago ez garela gutxi batzuk pentsatzen dugunak gauzak ez direla ondo egiten ari. Egia da erakunde gero eta gehiago sartzen ari direla: ekimena seigarrengoz egin genuenean, 16 bat erakunde ginen, eta aurten zenbaki hori bikoiztea baino gehiago lortu dugu. Gure inpaktua handia da. Enpresa teknologikoekin lotura duten entitate guztiek ekimenari bultzada eman behar zaiola ikusten dute.

BPGaren araberako I+Gko inbertsioetan EAE goi mailan da, baina ikertzaileen %35 baino ez dira emakumeak. Ekonomiaren efizientziari begira, zenbat talentu uzten ari gara bidean arrakala hori ez ixteagatik? 

Emakumeak gizartearen erdia baldin bagara, nola liteke ikerkuntzan eta garapenean liderra den herrialde batean, gizartearen zati hori esparru horietatik kanpo geratzea? Nire ustez, talentu asko ari gara galtzen. Emakumeok askotan gure bizitza pertsonala aurretik jartzen dugu: amatasuna, familia, zaintza… Funtzio horiek guztiak guk egiteak karrera zientifikoa alde batera uztera behartzen gaitu.

Eustaten datuek erakusten dute emakumeen presentzia oso apala dela elektronikan edo informatikan (%15 inguru). Nola eragiten dio bokazio falta horrek gure industriaren eraldaketa digitalari? 

Arlo horietan aditua ez naizen arren, Informatika Fakultatea Kimikakoaren ondoan dugu, eta ikusten dugu gero eta emakume ikasle gutxiago sartzen direla. Azpimarratu behar da, ordea, Adimen Artifizialeko graduan presentzia handia dagoela. Beraz, aldaketa esparru horretatik etor daitekeela uste dut.

Emakumeak Zientzian 2026ko koordinazio taldea | Argazkia: utzitakoa
Emakumeak Zientzian 2026ko koordinazio taldea | Argazkia: utzitakoa

Emakume askok hasten dute ikerketa-karrera, baina asko desagertu egiten dira zuzendaritza postuetara iristean. Zer ari da huts egiten gure erakundeetan? 

Erabaki hori hartzerako orduan gauza asko uztartzen dira. Zientzia egitea 24 orduko lana da; ikerkuntza batean astelehenetik igandera zaude buruari bueltaka. Doktoretza egiterakoan emakume gehiago ditugu gizonak baino, orokorrean espediente akademiko hobeak izaten ditugulako. Hortik ez gara pasatzen doktoretza ostekoa egitera, eta gero ikerkuntza buru edo katedratiko izatera. Gauzak aldatzen ari dira pixkanaka, baina, hala ere, ez dugu postu horietan geure burua ikusten zaintza lehenesten dugulako.

Zure erantzunetan aipatu duzu zaintza-lanek emakume asko karrera zientifikoa uztera "behartzen" dituztela oraindik. Zer aldatu beharko lukete euskal enpresek eta zentro teknologikoek euren lan-kulturan talentu horrek ihes egin ez dezan? 

Ama izateak, adibidez, geldialdia dakar zure ikerketa-ibilbidean. Karrerara bueltatzea oso zaila izaten da ondoren, oso arlo lehiakorra baita. Amatasunak zure bizitza profesionala alde batera uztera behartzen zaitu. Erakundeek laguntzen egon beharko lukete hainbeste profesional gal ez dadin.

"Zientzia egitea 24 orduko lana da; ikerkuntza batean astelehenetik igandera zaude buruari bueltaka"

Zuen helburuetako bat erreferenteak sortzea da. Nahikoa al da iraganeko emakume zientzialariak erakustea, ala egungo zentroetako zuzendariek konpromiso publikoagoa hartu behar lukete parekidetasunarekin? 

Biak dira oso garrantzitsuak. Erreferenteak izan dira; ezagutzen ez ditugunak orain ere badaude. Horregatik, Emakumeak Zientzianen egiten dugun ekimenetako bat izaten da Zientzialariak atzo eta gaur izenekoa. Atzokoak ezagutzen hasi gara, entitateek haien funtzioak urteetan onartu ez badituzte ere; eta jakina, orain ere bagaude, bagara eta gizarteak ezagutu behar gaitu.

Aurten 55 urtetik gorako emakumeentzako jarduerak antolatu dituzue. Zergatik da estrategikoa belaunaldi hori kultura zientifikoarekin lotuta mantentzea gurea bezalako gizarte zaharkitu batean? 

Argi dago gure amonen belaunaldikoek ez dutela aukerarik izan zientzian karrera bat egiteko. Ezinbestekoa iruditzen zitzaigun haiek laborategira sartzeko aukera izatea eta hainbat esperimentu egiten saiatzea. Alde batetik, gai direla ikusteko eta biloben erreferente izan ahal izateko. Etxean errepikatu daitezkeen esperimentuak erakusten dizkiegu, txikiekin kalitatezko denbora igarotzeko. Izan ere, amona guztiek ez dute zertan sukaldean aritu.

Eta bada azpimarratu nahiko nukeen beste alderdi bat: azken asteotan asko hitz egiten ari gara honetaz guztiaz, baina nabarmendu behar dugu emakumeek zientzian duten presentzia ez dela astebeteko kontua; eguneroko ahalegina baizik.