• EKONOMIA
  • Oldar berria eta egonkortasuna aldarrikatu ditu Baionako Merkataritza Ganberak

Oldar berria eta egonkortasuna aldarrikatu ditu Baionako Merkataritza Ganberak

Ipar Euskal Herriko Merkataritza eta Industria Ganberak argitaratu duen barometro berriaren arabera, ezinegona gero eta handiagoa da enpresaburuen artean. Inflazioak, zergek eta lanaren apaltzeak zailtasunak sortzen dizkiete. Enpresaburuen %17k soilik aurreikusten du inbertsioak egitea datozen hilabeteetan

Argazkia: Franck Dolosor
Argazkia: Franck Dolosor
Kazetaria
2025eko urriaren 10a - 14:00

Frantziako Estatuan ez da giro eta inoiz ikusi den krisi politiko sakonak ondorio zuzenak dauzka euskal ekonomian ere. André Garreta Baionako Merkataritza Ganberako presidenteak dio enpresaburuek arau argiak eta ikuspegi zabalagoa behar dituztela lehenbailehen. “Frantziak norabide bat eta egonkortasuna behar ditu. Izan ere, gaur egun dauden zalantzengatik, oro har, gero eta euskal enpresa gehiagok diote ez dutela batere xederik inbertsioak egiteko”, adierazi du Baionan egindako azken barometroaren aurkezpen publikoan. “Hamar enpresaburuen artean zazpi baikor daude. Dena den, kopuru hori apaldu da azken garai hauetan, %8 gutxiago, hain zuzen, eta, gauzak honela, %17k baizik ez ditu inbertsioak eginen ondoko egunetan. Hain apal izatea historikoa da, ez dugu sekula horrelakorik ikusi gurean. Egoera larria da, gidari bat al dago hegazkin honetan?” galdetu du Garretak.

 

Baionako Merkataritza eta Industria Ganberako arduradunen hitzetan, Frantziako Estatuak ezin du dena egin, baina oldar berria ematea bere betebeharra da. Norabide argia, egonkortasuna eta prebisioak aldarrikatu dituzte. Etengabe hazten ari den Frantziaren zorra dela eta, arlo pribatuan ezinezkoa litzatekeen egoera sail publikoan onartzea deitoratu dute. Halaber, azpimarratu dute Frantziaren hazkundea %1,9 apaldu dela 2025eko urtarrila eta uztaila artean. Dena dela, diotenez baikortasuna dago Iparraldeko zerbitzuen arloan eta aeronautika sailan; eraikuntzari dagokionez, ordea, kezkak iaztik %8 apaldu dira; eta merkataritzan salmentak nabarmen apaldu dira, batik bat, hiriguneetan.

“Erakunde publikoek babes ofizialeko etxe gehiago eraiki behar lituzkete. Lege berriak behar ditugu bizitegien arloa sustatu eta arautzeko. Ipar Euskal Herri osoan etxe asko erabat hetsiak ikusten ditugu beti. Etxe horiek ondorioz izan dituztenek arazoak dauzkate maiz ados ezartzeko anai-arrebekin eta alokatu edo saldu baino hetsirik atxikitzen dituzte denbora luzean. Une berean herritar askok etxebizitzak bilatzen dituzte, ez du zentzurik”, deitoratu du Garretak.

 

André Garreta (Baionako Merkataritza Ganbera): "%17k baizik ez ditu inbertsioak eginen ondoko egunetan. Hain apal izatea historikoa da, ez dugu sekula horrelakorik ikusi gurean. Egoera larria da, gidari bat al dago hegazkin honetan?"

Elisabeth Borne lehen ministro ohiak erretiroen inguruko erreforma polemikatsua kentzea proposatu duela eta, Garretak galdetu du Frantzia gai ote den horrela jokatzeko. Erretiroa 60 urtetan hartzearekin ados dago, baina hori nola finantzatuko litzatekeen azaltzea eskatu du, bere hitzetan, Europan inor ez delako gai hori bermatzeko.

2025eko lehen sei hilabeteetan 1.846 enpresa sortu ziren Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan. Denbora berean 1.590 desgertu ziren, iaz baino %75 gehiago. Bestalde, 25.380 lagun langabezian daude Baiona aldean, aktiboen %5,8. Akitania Berria eskualdean eta Frantzian %6,6 eta %7,2koa da langabezia tasa, hurrenez hurren. “Egoera harrigarria da, gaur egun gure enpresek 6.000 lagun kontratatu nahi bailituzkete. Zailtasunak dauzkate, besteak beste, maiz langileek ezin dutelako etxebizitza aurkitu”, deitoratu du Ganberaren buruak.

2025eko lehen sei hilabeteetan 1.846 enpresa sortu ziren Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Zuberoan. Denbora berean 1.590 desgertu ziren, iaz baino %75 gehiago

Frantziaren krisiaz gain, Ipar Euskal Herriko enpresaburu batzuek nazioartean dauden aldaketak bete-betean pairatzen dituzte ere. Horien artean dago Peio Etxeleku, Baionako Merkataritza Ganberearen presidenteordea. Bere enpresen taldeak 650 langile biltzen ditu, eta, gainera, 200 artzairekin lan egiten du ere. Segurtasun falta dela eta, ez dakite zein erabaki hartu. "Itxaropen guneak egon litezke, baina Frantziak ez du oraindik aurrekonturik eta fiskalitatea zein izanen den ez da batere argi. Gutxi gaude Ameriketako Estatu Batuekin lan egiten dugunak, baina muga-zerga igoera kolpea izan da. Dolarra hain apal egoteak automatikoki gure ekoizpenen prezioa emendatzen du denbora berean", azaldu du Etxelekuk. Banketxeen jokaerak finantzazioa mugatzen duela eta beldurrarengatik inbertsioak egiteko lehen baino hiru aldiz gehiago begiratu behar dutela zehaztu du Euskal Herri osoan lan egiten duen enpresaburuak.