Hiru esnetan eginiko gazta

40 urte baino gehiagoko ibilbidea duen gaztandegia da Agour. Ardi, behi eta ahuntz gazta ekoizteaz gain, Baionako xingarra eta beste zenbait euskal elikagai tradizional egiten ditu

Heletako gazta biltegia | Argazkia: Agour Heletako gazta biltegia | Argazkia: Agour

Euskal Herrian bizi eta lan egiteko asmoarekin sortutako gaztandegia da Agour. Gaur egun, enpresaren zuzendari den Peio Etxelekuren aitak, Jean Etxelekuk, abiatu zuen proiektua 1981ean. “Iparraldean testuinguru berezi batean ginen, non belaunaldi oso batek, Herrian lana, herrian bizi lemapean, industria batzuk martxan jartzea erabaki zuen, bertako gazte eta nekazariak euren lurraldean bizitzeko aukera izan zezaten”, adierazi du semeak. Testuinguru horretan sortu ziren Ipar Euskal Herrian egun bizirik dirauten hainbat kooperatiba.

Hastapenak ez ziren errazak izan Agourrentzat. Baliabide ekonomiko gutxi izaki, esnea eskuratzeko inguruko 50 artzainekin bildu ziren. Behin gazta egin eta saltzerakoan, esnearen prezioa kobratuko zuten artzainek, sei edo bederatzi hilabete beranduago. Etxelekuren hitzetan, artzain horiek izan ziren enpresaren lehen banketxea. “50etik 25 bat artzain biziki ausartak izan ziren, eta aitaren proposamena onartu zuten. Artzainen mailegu horrekin egin genuen lan lehen hiru urteetan. Laugarren urtean lortu genuen banketxe baten lehen mailegua”, nabarmendu du.

Esnea eskuratzeko inguruko 50 artzainekin bildu ziren, behin gazta egin eta saltzerakoan, esnearen prezioa kobratuko zuten artzainek sei edo bederatzi hilabete beranduago

Urtean joan ahala, euskal enpresaren jarduera nabarmen handituz joan da. Nafarroa Beherakoa Heleta herrian zuten gaztandegia txikia geratu zitzaien, eta Iratiko oihanetik gertu, Mendibe herrian, gaztandegi ekologiko bat eraiki zuten 2009an. “Gure I+G zentroa da, serie laburrak ekoizteko lekua, eta bertan egiten dugu gazta andana, errezeta bereziekin. Gure energia iturrien %70 Iratiko egurretik dator, beraz, erabat berriztagarria da”, azaldu du Etxelekuk.

Hori gutxi balitz, mugaren bi aldeetan presentzia bermatzeko, bi jarduera desberdineko bi lantegi integratu ditu Agourrek. Alde batetik, Gaskoiniako Biarno eskualde historikoan, egun, Frantziako Akitanian, Baillet izeneko lantegia dute. Urdaiazpiko eta txerri gama zabal bat ekoizten dute bertan. Bestetik, Tolosan (Gipuzkoa) “gozogintza arloko aktibitate zabal bat” garatu dute. 2021ean, Lizartzan azken ekoizpen gunea ireki du enpresak, gazta gama berriak ekoizteko, gazta urdina, besteak beste.

50 mota baino gehiago

“Euskal Herrian egin den gazta gamarik zabalena egiten dugu segur aski. Hiru esneetan egiten dugu, ardi, behi eta ahuntza esnetan, baita nahastuta ere”, dio Etxelekuk. Ossau-Irati jatorrizko izendapeneko gazta ekoizten dute, denera, 50 gazta mota baino gehiago izanik. “Gauden nitxo handi horren barruan nitxo txikiagoak bilatzea da gure helburua. Merkatuan existitzen diren askotariko zirkuituetara zuzentzen gara. Ez duzu zirkuitu zehatz baten menpe egon nahi, bereziki banatzaile nagusienen menpe”, azaldu du Etxelekuk. Ostatu, denda espezializatu, esportazio edota euren denda propioen bidez saltzen dute euren produktuen erdia baino gehiago.

Agour Nafaroa Behereko Heleta herrian sortu zen | Argazkia: Agour
Agour Nafaroa Behereko Heleta herrian sortu zen | Argazkia: Agour

Merkatuan “kalitatezko posizionamendua” du Agourrek Etxelekuren aburuz, eta jomuga “balio erantsia sortzea” da. Munduko gaztandegi onena hautatu dute bi alditan World Cheese Award lehiaketan, eta beste behin bigarren postuan izan da. Euren bereizgarri nagusienetako bat da gazta egiteko esnea Euskal Herriko zazpi probintzietatik soilik eskuratzen dutela. “%80ean guretzako lanean ari diren ardi, behi eta ahuntz hazleei erosten diegu zuzenean esnea”.

Ingurumena, nekazariekiko gertutasuna eta talentua

Heletan euskal gaztaren inguruko museoa du Agourrek. Bertan, “gaztagintzak euskal nortasunean zein historian izan duen inpaktua esplikatzen da”, adierazi du enpresako zuzendariak. Halaber, duela hogei mende eta gaur egun gazta nola ekoizten den ere azaltzen dute. Iratiko gaztandegian berriz, bisitak antolatzen dituzten euren estrategian garapen iraunkorraren inguruko kontzeptu guztiak nola ezarri dituzten azaltzeko, eta berrikuntza eta ekologiari lotutako gaztandegiak nola funtzionatzen duen erakusteko.

Peio Etxeleku: “Euskal Herrian egin den gazta gamarik zabalena egiten dugu seguru aski. Hiru esneetan egiten dugu, ardi, behi eta ahuntza esnetan, baita nahastuta ere”

Berrikuntza, ingurumena eta garapen iraunkorra bezalako kontzeptuak aipatzen ditu Etxelekuk “biharko gako” gisa. “Merkatuko aktore aurrerakoienak izan nahi dugu”, dio. Hiru ardatz nagusitan banatzen du Agourren etorkizuneko estrategia. Lehena, ingurumenarekiko inpaktua hobetzea litzateke. Bigarrena, inguruko nekazariekiko atxikimendua: “Gure artzain eta behi, ardi eta ahuntz hazleen enpresarik maitatuena izan nahi dugu, haien lan baldintzak hobetuz eta diru irabaziak handituz”. Azken ardatza, lantegi erakargarri bat izatean datza, “talentu hoberenak guregana etorraraztea nahi dugu”.

Hein horretan, eskualdearen barnealdea garatu nahi du Iparraldeko enpresak. “Partaidetza estrategikoak sustatuko dituen enpresa haztegi bat sortzen ari gara. Hemendik hiruzpalau urteetara elikagai eta nekazaritza munduko 15 bat start-up edukitzeko asmoz”, azpimarratu du Etxelekuk.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK