• EKONOMIA
  • Ondarroako 17 arraste-ontzi portuan daude, gasolioaren garestitzeari aurre egin ezinik

Ondarroako 17 arraste-ontzi portuan daude, gasolioaren garestitzeari aurre egin ezinik

Espainiako Gobernuak martxoan onartu zuen erregaiaren garestitzea konpentsatzeko laguntza, baina Ondarroako flotak oraindik ez du jaso

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
2026ko irailaren 11 - 16:24

Arrantzara irteteak ez duela merezi dio Ondarroako Alturako Arrantza Ekoizleen Elkarteko (OPPAO) kide Mikel Ortizek, gaur egungo gasolioaren prezioa kontuan izanda. Izan ere, 17 arraste-ontzi portuan daude, amarratuta, erregaiaren kostua ustiapen-gastuen %50-60 izatera iritsi baita. Gasolio profesionalaren prezioa, gainera, %227 garestitu da otsailetik. "Gasolioaren prezio horiekin itsasora irtetea dirua galtzea da", azaldu du Ortizek.

 

Erregaiaren garestitzeak zuzenean eragiten die arrantzaleen kontuei, baina kostu gehigarri hori ez dute arrainaren salmentarekin konpentsatzeko aukerarik. Arrainaren lehen salmenta lonjan egiten da, eta enkante bidezko sisteman erosleek egiten dituzte eskaintzak; horrenbestez, armadoreek ezin dute gasolioaren igoera nahi bezala islatu arrainaren prezioan. 

Egoerari aurre egiteko, Espainiako Gobernuak martxoan arrantza-ontzientzako 20 zentimoko laguntza iragarri zuen erregai-litro bakoitzeko. Neurriaren helburua gasolioaren garestitzearen zati bat konpentsatzea zen. Dena den, Ortizek adierazi du laguntza hori "oso eskasa" dela, eta oraindik ez dela flotetara iritsi.

 

Ontziak portuan geratzeak ez die soilik arrantzaleei eragiten. Arrainaren hornidura-katean ere nabaritzen da jarduerarik eza, eta Ondarroako flota geldirik egoteak eragina du bai handizkako saltzaileengan, bai arrandegietan, Ortizek azaldu duenez.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain