• EKONOMIA
  • Onuragarria ote da Txinak horrenbeste esportatzea?

Onuragarria ote da Txinak horrenbeste esportatzea?

Txinaren esportazio-grinak sasoi betean jarraitzen badu ere, barne-merkatua indartu nahi du Asiako erraldoiak

Argazkia: iStock
Argazkia: iStock
Mikel Aramendi Arteaga
Analista politikoa
2026ko ekainaren 19a - 05:30

Paparra aterata zetorren ohar ofiziala duela astebete: “Kanpo-merkataritzak hazkunde sendoarekin jarraitu du 2026ko lehen bost hilabeteetan, munduko bigarren ekonomia handienaren erresilientzia berretsiz, ingurune global konplexu batean”. “Esportazioak %11,8 gehitu dira, eta inportazioak, berriz, %20,5”. “Hazkundea are gehiago azkartu da maiatzean. Dolarretan neurtuta, esportazioak %19,4 igo dira urtebetean —apirilean %14,1 ziren—; eta inportazioak, berriz, %27,4 —hilabete lehenago, %25,3 ziren—”. “Lehen bost hilabeteetan, esportazioak eta inportazioak %15,5 eta %24,5 handitu dira, hurrenez hurren, eta metatutako superabit komertziala 451.700 milioi dolarrera iritsi da”.

 

Eta hedabide ofizialen harrera ez zen goibelagoa: “Goi-teknologiako produktuen eskaera global sendoari eta Txinak fabrikazio aurreratuan duen lehiakortasun gero eta handiagoari egozten diote ekonomialariek esportazioen errendimendu sendoa. Reuters agentziak 32 ekonomialariri egindako inkestaren arabera, erdieroaleen, AA zerbitzarien eta horiekin lotutako osagai elektronikoen eskaera gero eta handiagoa bihurtu da esportazioen hazkundearen eragile nagusia. Munduko Merkataritza Erakundearen azken Salgaien Merkataritzaren Barometroak ere erakutsi zuen osagai elektronikoen merkataritza epe luzeko joera baino askoz ere handiagoa dela”.

“Bizkitartean, barne-eskari erresilientea eta etengabeko hobekuntza industriala islatzen ditu inportazioen hazkunde azkarrak. Lehengaien, ekipoen eta funtsezko osagaien inportazio handiagoek ekoizpen-jarduera eta enpresa-inbertsio sendoa adierazten dute”. “Txinak munduko hornikuntza-kateetan dituen abantailek, goi-teknologiako esportazioak zabaltzeak eta esportazio-merkatuak gero eta dibertsifikatuagoak izateak merkataritza-superabit handi bati eusten lagundu dute. Aldi berean, inportazioen hazkunde sendoak iradokitzen du superabita barne-eskaera ahulak ez, baizik eta esportazioen zein inportazioen hazkunde sendoak bultzatzen duela, Txinako merkataritza sektorearen bizitasun orokorra nabarmenduz”.

 

Bikain, ezta? Esandako guztia egia izanik, eta gainera 2025ean 1,2 bilioi dolarreko merkataritza-soberakina erdietsi eta gero datozenez kontuok, ondorioak ateratzeko ordua izango da. Eta, agian, jabetzeko aspaldiko pentsalariek hain estimatua zuten kontrajarrien, yin eta yangaren, osagarritasuna egiaztatu egiten dela XXI. mendeko abagune honetan ere.

Txinaren grina esportatzaileak sasoi betean jarraitzen duela adierazten dute zifra potoloek

Agerikoa izango litzateke lehen ondorioa: hori bazen ez bazen Estatu Batuetako administrazio errepublikanoaren helburua, ez dute lortu Txinaren esportazio-ekonomiak aleka hartzea. Ez Trump 2.0 aldiko muga-zergen nahasmenarekin, ez eta otsailaren 28an hasi eta oraindik amaitzear den Golkoko gerrak erakarri duen erregaien eskasia/garestitzearekin. Txinaren grina esportatzaileak sasoi betean jarraitzen duela adierazten dute zifra potoloek.

Egia da xehetasunetara etorriz gero, sakoneko aldaketak egin izanaren emaitza dela hori: biziro aldatu da azken urte hauetan zer, nora eta zenbat esportatzen duen Txinak. AEBrako esportazioak nabarmen gutxitu dira muga-zergen galgagatik edo, zuzenean, hainbat salgai txinatarrei (autoak, demagun) ezarri zaien debeku osoagatik. Merkatu handi horren murrizketa, haatik, Europara, Hego Amerikara, Afrikara eta, batez ere, ASEANeko (Asia Hego-ekialdeko Nazioen Erkidegoa) herrialdeetara gero eta gehiago esportatuz ordeztu dute, luzaz, enpresa txinatarrek.

Iruzkin ofizialek azpimarratu bezala, teknologia eta fabrikazio aurreratuko ekoizkinen esportazioa erabakigarria izaten ari da zenbateko horietan. Duen muntagatik, ibilgailuena, oro har, eta elektrikoena bereziki, argigarria da. Ibilgailuen esportazioen urtebeteko hazkundea %79koa zen maiatzean, eta aurtengo urte osorako %40koa aurreikusten dute adituek. Are nabarmenagoak dira zifrak ibilgailu elektriko eta hibridoen atalean: bikoiztu egin da haien esportazioa urtebetean, eta guztizkoaren erdia baino gehiago dira jada halakoak. Persiako Golkoko gerrak erregaien merkatuetan sortu duen asaldura pizgarri izan da Txinako automobilgintza elektrikorako, bistan denez.

Trumpen politika protekzionistak Europan ere kopiatzeak ezertarako balio ote duen ebaztea izango da lehendabiziko lana. Energia-trantsizioari eutsi nahi bazaio behintzat…

Lazo horretan harrapatuta aurkitzen da Europa: auto elektrikoen eskaria goiti dabil Europako merkatuan (guztien %30 inguru izan ziren 2025ean matrikulatutako elektriko hutsak, eta aurten ere halatsu izatea espero da). Baina bertako automobilgintza ez da gai demanda hori asetzeko, eta are gutxiago Txinatik datozen ibilgailuekin preziotan lehiatzeko.

Une honetan Bruselan China Shock 2.0 deitura pean hitzetik hortzera dabilen mamuak horrelako egitateak ditu sustraian: garai batean hango laneskuaren merketasunak (eta bestelako faktore batzuek) haratu zuen industria berriro Europara ekartzea ez dela batere erraza. Kilowattaren prezioa bezain eragozpen prosaikoengatik, beste ezergatik baino gehiago. Irailaren hondarrean egin asmo du horri buruzko gogoeta sakona Erroman Europako Banku Zentralak, baina aldez aurretik dio "This “China Shock 2.0” reflects gains in price competitiveness and technological upgrading, partly supported by industrial policies". Trumpen politika protekzionistak Europan ere kopiatzeak ezertarako balio ote duen ebaztea izango da lehendabiziko lana. Energia-trantsizioari eutsi nahi bazaio behintzat…

ASEANeko herrialdeetara, Hego Amerikara, herrialde arabofono eta islamdarretara eta orain arte aintzat hartu ere egiten ez ziren herrialde afrikarretara nola biderkatzen ari diren txinatar esportazioak sakonago oldozteko aukera izango dugu beste batean. Baina ibilgailuen esportazioaren argibidea bederen agortzeko, gogoan izan dezagun Thailandia, Malaysia, Indonesia eta Filipinak direla, ordena horretan, txinatar autoen erosle handienak une honetan.

Txinatar ibilgailuak munduko merkatuak arrapaladan beretzen ari diren honetan... gutxiago ari dira saltzen Txinan bertan

Eta ekin diezaiogun esportazioen hantura horren bigarren ondorioari. Ez-egitezko ondorioa, esan dezagun. Ez ohar ofizialetan, ez hari buruzko iruzkin eztietan ez baita aipatzen bosturteko planik. Ez 2025ean amaitu zen XIV.a, ez aurtengo urtarrilean abian jarri den XV.a. Ez da hori oso normala zifra makroek Planaren betetze-mailarekin duten alderaketa konpultsiboa egin ohi duen herrialde batean.

Eta zergatia ere ez da bereziki misteriotsua: esportazioen goraldi hori, onuragarria izanik txinatar zifra makroekonomiko askotarako (jarduera industriala, merkataritza-superabita, inbertsioa, enplegua –gero eta apalago, ekoizpen industrialaren teknifikazioa biderkatu ahala–), ezingo baita esan bosturteko planen aurreikuspen/betebeharrekin guztiz kidetuta dagoenik. Barne-merkatu kartsu baten osagarria izan behar zuen eta du, planaren ustez, kanpo-merkataritza sasoiko batek. Baina ez da hori oraingo egitatea.

Arestian erabili dugun adibideak berak, autoen salmentak, lagun dezake korapiloa ulertzen. Txinatar ibilgailuak munduko merkatuak arrapaladan beretzen ari diren honetan... gutxiago ari dira saltzen Txinan bertan. Maiatzean, ia %25ekoa zen salmenten beherakada aurreko urtearekin alderatuta, eta zazpigarren hilabetea zuen jarraian beheranzko joerak. Noski, murrizketa are nabariagoa zen errekuntzazko ibilgailuen kasuan; baina elektrikoak ere gutxiago saltzen ari dira Txinan bertan. Gobernuak iaz emandako pizgarriak amaitu izanak zerikusi zuzena du, jakina; baina orokorrean erosleek kontsumorako duten hoztasuna –banku-maileguen eskari motelean metatuta nabarmentzen dena– frogatzera letorke. Eta Txinako autogintzaren grina esportatzailea ulertzen lagun badezake ere, ez da hori Beijingeko agintariek nahi dutena eta XV. Planean idatzita daukatena. Esportazioen goraldia barne-kontsumoan kausituko balute askoz gusturago egongo lirateke, zalantzarik gabe.

36 hilabete bete ditu jarraian etxebizitza berriaren prezioak beheranzko joera

Duela ia hamarkada bat lehertu/leherrarazi zen etxegintzaren burbuilaren ondorio finantzarioak eta psikosozialak oraindik erabat gainditzeke egoteak izango du bere itzala txinatarren kontsumoa areagotzeko gobernuak egin dituen ahaleginak behar adinakoak ez izate horretan. Gobernuz kanpoko –baina sistemaren barruko– ahots kualifikatu guztiak, esan liteke, ari dira esaka neurri gehiago eta erabakigarriagoak behar direla barne-kontsumoa benetan suspertzeko.

Agintariek ere ez dute ezetz esaten eta XV. planaren ardatzeko bat da barne-kontsumo hori lehenetsi behar dela. Aurreko planean ez bezala, oraingo honetan gehiago azpimarratzen dira eskaera-neurriak (gutxieneko soldata handitzea, enplegu-aukerak hobetzea, enpresa txiki eta ertainei laguntzea, higiezinen merkatua egonkortzea edo haurtzaindegi-sarea 0 eta 3 urte bitartean zabaltzea, esaterako). Baina kontsumo-eskaintzak berak sorraraziko duela eskaera irizten da. Horregatik, kalitate handiko produktuetan, azpiegituren hobekuntzan eta kirola, kultura eta entretenimenduarena bezalako esparruetan zerbitzu berrien garapenean zentratuta jarraitzen du agintarien apustuak.

Egungo Txina kontsumo-gizarte bihur dadin Komunista deritzon alderdia egiten ari den ahalegina ikusteak mendebaldar askoren txundidura sorraraziko badu ere, ezingo zaio koherentzia ekonomikoa ukatu esfortzuari. Apustu estrategikoa da “Txina gaztetzeko” erronkaren testuinguruan. Eta ez zaizkio faltako, mundu-parte honetatik, ikaskizunak emateko prest izango dituen aholkulariak.

Txinan jakitun dira bertako gizartean aisiaren ikuskera, arrotza ez bada, “berria” dela. Eta, beraz, “aisiaren kultura” bat ere erein beharko dutela

Baina bertako errealitatetik abiatuta egin beharko da guztia, eta hura ezagutu ere ez da egiten Mendebaldean gehienetan. Adibidez, duela ia bi urte jarri zen abian, batik bat etxegintzaren burbuilaren inplosioaren ondorioei aurre egiteko, bost urteko plan berezi bat hukou sistema sakonki eraldatzeko. Bizilekuen erregistro-sistema horrek ehunka urte ditu Txinan, kidekoak baditu Asia ekialdeko herrialde aurreratuenetan ere, eta bertako egonkortasun sozio-demografikoaren zutabe nagusietakoa –nagusia ez bada– dela esan liteke. Oraingoz ez ditugu ezagutzen 2024an abian jarritako berariazko Bosturteko horren emaitzak, baina aurtengo maiatzean 36 hilabete bete ditu jarraian etxebizitza berriaren prezioak beheranzko joeran.

Gisako zerbait gertatzen da aisiarekin. Kontsumoaren atal asko, biziraupen hutsekoak eta erosotasun minimokoak ez diren gehienak, aisiarekin uztartuta daudela badakite, noski, Txinako ekonomialari eta agintariek ere. Baina aldi berean jakitun dira bertako gizartean aisiaren ikuskera, arrotza ez bada, “berria” dela. Eta, beraz, “aisiaren kultura” bat ere erein beharko dutela hark erakartzen eta girotzen duen kontsumoa sustatu nahi badute. Elite eta klase ertainetatik hasita, baina Txinako eskala erraldoian betiere.

Beraz, ez esportatzea edo gutxi esportatzea baino hobea dute orain gertatzen ari dena... baina ez da lortu nahi dena.