Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak estaldura zaileko lan-eskaintza publiko berria prestatzen ari da. Lehen aldiz, erizaintzako profesionalak hartuko ditu barne. Eskaintza honen helburua, plantilletan eusteko zailtasun handienak dituzten zentroetako langile-taldeak indartzea eta profesionalak erakartzea da.
Alberto Martinez Osasun sailburuak eta Lore Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean egindako agerraldian, 2027ko deialdi berria iragarri dute. Osakidetza erakunde sindikalekin negoziatzen ari da gaur egun 2026ko estaldura zaileko LEPa, eta deialdia urte amaierarako aurreikusita dago.
2026ko estaldura zaileko LEPak Lehen Mailako Arretan betetzeko zailtasun handienak dituzten lanpostuetan jarriko du arreta, bereziki familia-medikuntzan, pediatrian eta psikiatrian. Eskualdeko ospitaleekin lotutako espezialitate batzuk sartuko dira ere. Lanpostu hauek betetzeko zailtasunak daude, batez ere, arratsaldeko txandengatik edo zentroen kokapenagatik. Plaza horien artean, Andoaingo osasun-zentroa dago, arratsaldeko ordutegiko lau lanpostu hutsak LEP honetan sartuko dira.
Lan-eskaintza berrien iragarpena Azpiegitura eta Ekipamendu Sanitarioen 2025-2032 Programaren aurrerapenean egin da. Programa honek 1.600 milioi euroko inbertsioa ekarriko du eta jarduera nagusietako bat Osakidetzaren kirurgia-ahalmena handitzea izango da. Horretarako, 36 ebakuntza eta prozedura gela berri sortuko dira, 170tik 206ra igotzea aurreikusten du Jaurlaritzak.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta