Osakidetzako grebaren eragina handia izaten ari dela adierazi dute deialdia antolatutako sindikatuek. Greba ospitaleetan, osasun-zentroetan eta osasun-zerbitzuetan izaten ari da eta SATSEk, ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk deitu dute, langile guztientzako lan-hobekuntzak eskatzeko.
Sindikatuen arabera, langileen parte-hartzea oso handia izaten ari da eta gaueko txandan zein goizeko zerbitzuan pikete jendetsuak egin dituzte sindikatuek. Eguerdian manifestazio jendetsuak egin dira hiru hiriburuetan. Manifestazio horiek OPA Herri Plataformen, beste erakunde batzuen eta erabiltzaileen babesa izan dute.
Sindikatuek bidalitako ohar bateratu baten arabera, arreta-mailen arabera, Lehen Mailako Arretan jarraipena oso garrantzitsua izaten ari dela adierazi dute. Sindikatuek nabarmendu dute itxita egon direla Bizkaian Bilboko Sagarminaga eta La Merced-eko osasun-zentroak, baita ere Igorre, Lemoa, Zeanuri, Aulesti, Gueñes eta Gizaburuagakoak. Araban aldiz, Artziniega, Arrespalditza, Dulantzi, Valles I eta La Habanako osasun-zentroak itxita egon dira eta Gipuzkoan, Andoain, Oiartzun eta Hondarribikoak ez dute ireki. Oharrean jakinarazi dutenez, zentro askotan gutxieneko zerbitzuak bakarrik egon dira lanean.
Ospitaletan gutxieneko zerbitzuak handiagoak ziren eta horrek eragina izan du greban. Sindikatuen arabera jarraipena "oso garrantzitsua izaten ari da greba egin dezaketen langileen artean". Sindikatuak ezagutarazi dituzten datuen arabera, Basurton oso jarraipen handia egin da, Txagorritxu Ospitalean itxita daude ebakuntza-gelak, biltegia, pediatriako kontsultak, erauzketak eta laborategi zentrala; Santiago Ospitalean lentzeria, ebakuntza-gelak, loaren unitatea, erosketa-zerbitzua eta harrera-zerbitzua itxi dira; Bidasoa Ospitaleko biltegia eta Zumarragako Ospitaleko Anatomia Patologikoko zerbitzua ere itxi dira; Donostia Ospitalean hainbat zerbitzu itxi dira; Lezako ospitalean garbitegia, errehabilitazioa, administrazioa eta farmazia itxi dira ere.
Bestalde, goizean LABeko dozenaka ordezkari eta afiliatu Osasun Sailak Bilbon duen egoitzara hurbildu dira eta eserialdia egin dute. Bertan, Alberto Martínez Ruiz sailburuari aldarrikapenak jasotzen dituen gutun bat emateko asmoa zuten.

Gogoratu behar da Euskadiko Medikuen Sindikatua (SME) deialdi honetatik kanpo geratu dela, Osasun Sailarekin medikuentzako akordio esklusibo bat itxi zuelako.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta