• EKONOMIA
  • Osakidetzako langileen ordainsarian %9,5ko igoera eskatu du ELAk

Osakidetzako langileen ordainsarian %9,5ko igoera eskatu du ELAk

32 orduko lanaldi arrunta ere aldarrikatu du sindikatuak. Salatu du Osakidetzako langileak baldintza prekarioetan lan egiten dutela eta negoziazioetan ez dela aurrerapenik egin

Argazkia: ELA
Argazkia: ELA
2026eko otsailaren 17a - 13:48

ELA sindikatuak salatu du Osakidetzak 15 urte daramatzala bere langileen lan baldintzak berritu gabe. Sindikatuaren arabera, egun iraupen luzeko 19.326 aldi baterako langile daude, hau da, lantalde osoaren %43 eta horiei iraupen laburreko aldi baterako kontratupean diren 3.000 inguru gehiago gehitu behar zaizkie. Gainera, sindikatuak dio beste 2.014 plaza bete gabe daudela eta horietatik 636 fakultatiboei dagozkiela.

 

ELAren esanetan, lan baldintzak berritzeko negoziazioetan ez da aurrerapenik izan eta Osakidetzako langileek lan baldintza “prekarioak” pairatzen dituzte. Gauzak horrela, Jaurlaritzaren Osasun sailari egotzi dio erantzukizunak bere gain ez hartzea eta “Madrilera begira” egotea, izan ere, sindikatuak uste du medikuek azken hilabeteetan egindako aldarrikapen asko Osakidetzaren esku daudela.

Sindikatuak Osakidetzako 1.500 langile baino gehiagori galdeketa egin die, eta hortik hainbat eskaera atera ditu. Besteak beste, 2022-2026 urteetan galdutako erosahalmena berehala berreskuratzea ordainsariak %2 igoaz eta, era berean, %9,5eko soldata igoera gauzatzea.

 

Horrekin batera, 32 orduko lanaldi arrunta eta lanaldi osagarria (guardiak) eta aparteko orduak (autokontzertazioa) ezabatzen joateko plangintza bat egitea proposatu du sindikatuak. Osakidetzako lantaldea gaztetzeko plan bat eta kontziliazio neurriak indartzea ere eskatu du.

Aldarrikapen horiek betetzeko, ELAk adierazi du aliantzak eta mobilizazioak bultzatuko dituela.